Jorge del Cid eta Nerea Odriozola bigarren Cerverako lurreko rallyan

Uztarria.eus 2014ko ira. 10a, 14:34
Del Cid eta Odriozola Mitsubishi EVO X autoan, Cerveran.

Espainiako Lurreko Rallyen Zirkuituko Txapelketa bukatzeko lasterketa baten faltan bigarren postuan dira azpeitiarrak, lehenengoa baino bi puntu gutxiagorekin. Azaroaren 15ean jokatuko da azken lasterketa Riolobosen (Extremadura).

Jorge del Cidek eta Nerea Odriozolak bigarren egin zuten Espainiako Lurreko Rallyen Zirkuituaren baitan, pasa den asteburuan Cerveran (Lleida, Katalunia) jokatutako lasterketan.Del Cidek eta Odriozolak aurrenekoz erabili zuten Mitsubishi EVO X autoa, eta emaitza ona lortu zuten.

Lasterketako lehenengo tartean bigarren denbora onena eskuratu zuten azpeitiarrek, eta hurrengo tarteetan denbora pixka bat galdu bazuten ere, denbora hobetu ahal izan zuten lasterketa bukatzerako. 30 puntu eskuratu zituzten lortutako bigarren postuari esker, eta Espainiako Lurreko Rallyen Zirkuituko aurrena, Amador Vidal galiziarra, baino bi puntu gutxiago dituzte azpeitiarrek azken lasterketaren faltan. Lasterketa hori azaroaren 15ean jokatuko da Riolobosen, Extremaduran.

Bestalde, Aritz Elgarresta azpeitiarra ere Lleidan izan zen, Egoitz Mujikaren kopilotu lanetan. 29. postuan amaitu zuten lasterketa, eta hamargarrenak izan ziren euren mailan.