Iñaki Goenaga: "Ezkerreko eta eskuineko abertzaleek elkarlanean jarduten dute Katalunian, kausa beraren alde"

Uztarria.eus 2014ko ira. 11a, 11:30

Iñaki Goenaga (Azpeitia, 1980) Bartzelonara (Katalunia) joan zen bizitzera, duela sei urte. Ikastera joan zen, lehenik, eta han gelditu zen lanean. Goenagak eman du Katalunian independentziaren argiak sortu dituen ilusioen eta gorrotoen berri, gaur, osteguna, ospatuko den Diada ahantzi gabe.

Behin baino gehiagotan entzun dugu independentziaren aurreko azken Diada izan daitekeela gaurkoa. Nabari duzu hori horko giroan?

Nik esango nuke azken hiru edo lau urteetan berotu dela hemen nabarmen giroa. Joan den urtean, adibidez, giza-katea zela-eta, jendea asko animatu zen: nik uste dut urtetik urtera eginiko lanaren fruitua dela orain dugun giroa. Aurten, gainera, galdeketa dago, eta herritarrak zain-zain daude. Baina, berez, hau urteetako lana da. Hori bai, bi aldeetako jendea ari da mugitzen gero eta gehiago. Independentziaren aurka daudenak ere hasi dira lanean. Lehen, egun horretan, ez ziren irten ere egiten kalera; eta, orain, haiek ere hasi dira beraien ideiak aldarrikatzen. Adibidez, gaur, manifestazioa egongo da Espainiaren batasunaren alde daudenek deituta.

Hango jendearen iritzien berri izango duzu zuk. Uste duzu Jordi Pujolen eta ingurukoen ustelkeria kasuak eragin diola herritarren ikuspegiari, edo gauza batek ez du bestearekin zerikusirik?

Jendeari ez dio gehiegi eragin, hori ikusten dut nik, behintzat. Nire inguruko nazionalistekin hortaz hitz egin dut, eta bai, argi dute ez dutela babesten Pujol familiaren jokabidea, baina ez diote arreta berezia jarri gaiari. Duela zenbait urte CiUko jendeak asko babesten zuen Pujol familia; eta, agian, ez da hain erraza egun batetik bestera haien kontra jartzea. Uste dut Euskal Herrian hori gertatuko balitzaigu, nik garrantzia handiagoa emango niokeela. Zalaparta handiagoa espero nuen, egia esateko, eta ni harritu egin nau jarrerak. 

Zer iritzi dago, oro har, galdeketaren inguruan?

Jendeak badaki zaila dela lortzea galdeketa egitea, baina argi dute saiatu egingo direla, eta ez dutela etsiko. Rajoyren Gobernua dela-eta itxaropena makala da, baina gogoa, handia. Nabarmentzekoa da zer ondo antolatzen duten guztia eta zenbat lan egiten duten nahi dutena lortzeko. Joan den urtean asko saiatu ziren giza-katea egiteko, eta aurtengo erronka ere ez da makala. Bartzelonako bi kale luzeenak batuko dituzte V bat eginez, lan handia eta txukuna eskatzen du horrek. Gero, herritarren erantzuna ere oso ona da. Izan ere, ez da liskar asko egoten eta festa-giroan ospatzen dute beraien eguna. Beste aldekoek ere, galdeketaren kontrakoek, ez dute inor iraintzen, eta horri dagokionez, txalotzekoa da jendearen jokabidea.

Diadako V-rako 500.000 pertsona baino gehiagok eman dute izena dagoeneko. Zuk edo inguruko norbaitek badu hara joateko asmoa?

Ni ez naiz joaten, askotan, Azpeitikoei bisita egiteko baliatzen baititut jai egun horiek. Hala ere, nire lankide batzuk joan ohi dira, Bartzelona eta inguruetakoak direnak. Lankide batzuk, gainera, familia eta guzti joaten dira. Beraientzat oso garrantzitsua da ekitaldia.

Bartzelonatik ez ezik, Kataluniako beste tokietatik ere mugitzen da jendea?

Jakina, leku guztietatik. Lleida eta Gironako jendea asko mugitzen da. Ez sinestekoa da irailaren 11n, urtero, hemen pilatzen den trafikoa, kaleak nola betetzen diren… Izugarria da.

Lehenengo Eskoziak egingo du galdeketa, Katalunia ere bidean da. Zer desberdintasun ikusten duzu haien eta Euskal Herriaren artean?

Ziur aski desberdintasun asko daude, baina nik bat aipatuko nuke, Kataluniari eta Euskal Herriari dagokienez. Uste dut independentziaren aldekoak diren eskuineko eta ezkerreko alderdiak eta herritarrak Euskal Herrian baino harreman hobea dutela Katalunian. Partiduen artean errespetu gehiago dago: ezkerreko eta eskuineko abertzaleek elkarlanean jarduten dute, kausa beraren alde. Beste aldekoek ere bai, ondo pentsatuz gero. Begira, Espainiaren Batasunaren aldeko alderdiek ere bat egin dute, ezkerrekoek eta eskuinekoek.

Bartzelonatik begiratuta, zer ikuspegi duzue estatuko hedabideen jardunaz?

Horri dagokionez, zenbait gai desberdinduko nituzke. Alde batetik dago Pujolen kasua. Kasu horretan, nik uste dut garrantzi bera emango zitzaiola Gaztelan Mantxan gertatuko balitz. Ez dago eskubiderik, lehendakari batek ezin baitu horrelako iruzurrik egin. Beraz, kasu horretan, ahoz aho ibili beharreko gaia dela pentsatzen dut, herritarrek egia jakin behar baitute. Hedabideek eman dioten garrantzia beharrezkoa da. Diada eta independentzia mugimenduei buruz, berriz, uste dut komunikabideek ematen dioten trataera nahiko normala dela. Normala da Espainiako Gobernua arduratuta egotea, eta normala da independentziaren aldeko katalanak beraiena aldarrikatzea.