Azpeitiarrak nagusi, azkoitiarren kontrako erronkan

Uztarria.eus 2014ko ira. 15a, 12:58
Kirolariak Plaza Berrin. (Egoitz Segurola)

Hirugarren erronka izan zen zapatukoa, eta azpeitiarrak nagusitu ziren. Azpeitiko taldea Xabat Manzisidorrek eta Unai Iparragirrek osatu zuten, eta Azkoitikoa, berriz, Pedro Muñozek eta Mikel Elorzak.

Zapatuan jokatu zen III. Azkoitia-Azpeitia erronka, eta azpeitiarrak nagusitu ziren bigarren urtez jarraian. Azpeitiko taldea Xabat Manzisidorrek eta Unai Iparragirre Txipa-k osatu zuten. Azkoitikoa, berriz, Pedro Muñozek eta Mikel Elorzak. 

Lehenengo urteko ibilbidea berreskuratu zuten antolatzaileek, eta honakoa izan zen ibilbidea: Plaza Berritik hasi eta herriko plaza eta Kale Nagusia zeharkatu eta gasolindegi paretik Eroskiko biribilgunera iritsi ziren, eta handik Munategirako bidea hartu zuten. Santa Kutz auzora joan, eta handik herrigunera iritsi ziren, Plaza Berrin bukatu arte. 

Lasterka 4,3 kilometro egin zituzten Muñozek eta Manzisidorrek, eta Muñoz azkoitiarrak Manzisidor azpeitiarrak baino 38 segundo gutxiago behar izan zituen itzulia egiteko. Muñozek 00:13:32 denbora egin zuen, eta 00:14:10 Manzisidorrek. Txirrindularien txanda lasterkarien ostean izan zen, eta lasterkarien itzulia bitan egin behar izan zuten. Korrikako denborari esker, azkoitiarrak aurretik baziren ere, Iparragirrek aldea hobetzea lortu zuen. Elorzak 00:13:36 behar izan zuen proba bukatzeko, eta Iparragirrek, aldiz, 00:12:41. 

Azkoitiarrek 00:27:08 behar izan zuten proba osoa egiteko, eta 00:26:51 azpeitiarrek.