Miren Altuna: "Oso estu daude gauzak, eta baietzak irabaztea espero dut"

Uztarria.eus 2014ko ira. 17a, 17:54
Miren Altuna Eskozian bizi da.

Kazetaritza ikasketak bukatu, eta 2013ko urrian joan zen Eskoziara bizitzera Miren Altuna (Azpeitia, 1991). Ingelesa hobetzea eta lana bilatzea zituen helburu, eta independentziaren inguruko erreferenduma ere gertu zenez, Eskoziara joatea erabaki zuen. Ia urtebete darama Altunak Edinburgon, eta gaur, osteguna, egingo duten galdeketan bozka emango du azpeitiarrak.

Nolakoa da giroa, galdeketaren atarian?

Irailaren lehen egunetatik nabari da giroa kalean. Ez gu ohituta gauden giro politikoa, baina bai aldekoek eta kontrakoek aldarriak kalera atera dituztela. Etxeetako leihoetan pegatinak jarri dituzte, jendeak soinean txapak daramatza, informazio guneak jarri dituzte hiriko txoko jakin batzuetan... Dena den, biharkoa horrelako egun garrantzitsua izateko apenas ikusten da mugimendurik Edinburgon. Hala ere, Glasgown eta beste hainbat hiri eta herritan askoz kale giro handiagoa dago. Langileen zonaldeetan, batez ere. Edinburgo oso turistikoa da eta auzoetara joanez gero askoz ere mugimendu handiagoa aurki daiteke.

Azpeitiarra zara, baina bozkatu egingo duzu galdeketan.

Bai. Arraroa egingo zait botoa hartu eta hauteslekura joatea. Eskozian bizitzen sei hilabete baino gehiago daramatzatenek, 16 urtetik gorakoek, Europar Batasuneko edo Comonwealth-eko estaturen bateko kideek dute bozkatzeko eskubidea. Nik ia urtebete daramat hemen, eta botoa emateko izena eman dut dagoeneko; hauteskundeetan ere hala egin behar izaten da hemen. Segituan iritsi zitzaidan bozka emateko zenbakia eta bihar horrekin joango naiz hauteslekura. Esan bezala, arraroa egiten zait nik bozkatzeko aukera dudala jakitea. Egia esan, Eskoziara etorri nintzenean ez nuen ulertzen nola zen posible atzerritik etorritako gazte batek berea ez den herriaren etorkizuna erabakitzeko aukera edukitzea.

Azken asteetan, baiezko bozka emateko asmoak gora egin du, eta horrek batzuk ustekabean harrapatu dituela dirudi. Zer balorazio egiten duzu?

Independentziaren aurkako kanpanainakoak oso lasai zeuden oraintsu arte. Udan egindako inkestetan alde handia ateratzen zioten baietzari. Lehenengo aldiz baiezkoa aurretik jarri zela kaleratu zen hurrengo egunean, Erresuma Batuko ekonomia ministro Osbornek goizean bertan egin zituen adierazpenak, eta Eskoziari botere ekonomiko handiagoa emango ziola promes egin zuen. Handik hiru egunera David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa izan zen Edinburgon beste hainbat agintarirekin batera. Aberdeen-era ere egin du buelta... Dena den, ez zaizkit inkestak gustatzen eta ikusiko da zein den emaitza. Hala ere, ezin da ukatu baiezko botoaren gorakadak hautsak harrotu dituela eta baietzaren aldekoen gorakada nabarmena izan dela, orain hilabete eskas zortzi puntu aurretik zegoen-eta ezetza. Ezetzaren aldekoak asko beldurtu ziren, eta inkestako datu haiek jakin ondoren kalera irten eta kanpaina bisualagoa egiten hasi ziren.

Zeintzuk dira batzuk eta besteek mahai gainean jartzen dituzten argudioak?

Ezezkoaren aldeko kanpainak, Better Together-ek (Hobe Elkarrekin), ez du apenas argudiorik. Bi urte iraun dituen kanpaina honetan beldurra baliatu dute argudio gisa. Gizartea beldurtzen saiatu dira, independentzia lortuz gero dena txarra izango dela esanez: krisia, moneta galtzea, Europar Batasunetik at gelditzea... oso nekagarria egin zait horien kanpaina. Bertako pertsona askorekin hitz egin dut, eta haiek ere berdina zioten: hasieran ezezkoan zeudela, baina ikusita zer nolako kanpaina ezkorra egin duten, baiezko botoa emango dutela. Hemen oso ohikoa da pentsaera hain azkar aldatzea, ez dute-eta politika gurean bezala bizi. Oraindik zer bozkatu zalantza duen eskoziar ugari dago. Bestalde, independentistek mahai-gaineratu duten oinarria da gizarteak erabakiko duela Londresen menpe egon gabe, zer nolako estatua nahi duten. Independentzia lortuz gero, herriak erabakiko du zer estatu mota izango duten. Gainera, Yes Scotland-ek (Bai Eskozia) oso kanpaina aktiboa du, eta independentziaren kontrakoena baino bisualagoa da. Argi dagoena da, klase sozialen banaketa oso nabarmena dela hemen, eta langileek independentzia nahi dutela eta aberatsek ez. Bi kanpaina ofizial horiez gain, bada ofiziala ez den eta azpimarratzeko modukoa den beste bat: Radical Independece Campaing. Independentziaren aldeko kanpaina alternatiboa da, eta euren jarduera nagusienetakoa da langileen auzoetara eta herrietara joan, eta etxez etxe herritarrekin hitz egin eta informatzea. Politikarietatik haratago, eragile desberdinez osatutako kanpaina izan da eta ikaragarrizko lana egin dute. Kontua da, errekorrak hautsi direla, eta Eskoziako biztanleen %97 erregistratu dela erreferendumean bozkatzeko. Europar Batasuneko hauteskundeetan nekez iritsi ziren %30era.

Eskoziako independentismoaren eta Euskal Herrikoaren artean zein alde ikusten dituzu?

Eskoziarren independentismoa ez dago abertzaletasunarekin lotuta. Eskoziarrei inork ez die esango scottish-ak ez direnik, eta oso argi daukate nazio izaera. Independentismoa sistemaren aldaketan oinarritzen da, ekonomian gehienbat. Eskoziarrek euren estatu propioa nahi dute, herritarrek erabakitako moduan gobernu zentral bat edukitzeko eta subiranotasunez antolatzeko. Hor dago gakoa. Horregatik bozkatu dezake hemen sei hilabete baino gehiagoz bizi den edonork. Ez da nortasun eta identitate kontua, abertzaletasuna ez da lehentasuna hemen.

Gaurkoan zer emaitza aterako dela uste duzu?

Orain gutxi arte oso ezkor nengoen. Ez nuen baiezkoa ateratzerik inolaz espero. Baina, eman diren aldaketak eta Yes Scotland-ek azken hilabetean egin duen kanpaina aktiboa ikusita, apustua egin beharko banu baietzaren alde egingo nuke. Ez dakidana da benetan hala aterako dela uste dudan edo subjektiboegia ote naizen. Oso estu daude gauzak, eta baietzak irabaztea espero dut.

Eskoziarrek aukera dute euren etorkizunaz erabakitzeko. Nola baloratzen duzu erabakitzeko aukera edukitzea? 

Eredugarria da. Eskoziarrek eta Eskoziara etorritako etorkinok erabakiko dugu. Erreferendumak erreferentea izan behar du. Nahiz eta egoera politikoak oso bestelakoak diren hemen eta Euskal Herrian, eta konparazioek ez duten askorako balioko, bide berdinetik jarraitu beharra dugula uste dut. Guk ere eskubidea dugu gure herriaren etorkizuna erabakitzeko.

Hemen ere abian da erabakitzeko eskubidearen aldeko Gure Esku Dago dinamika.

Gogoan dut ekainaren 8a. A ze herri mina eduki nuena! Gutxitan izan dut orduan sentitu nuen herri mina. Gure Esku Dagok hasitako dinamika ezin da gelditu. Prozesuak aurrera jarraitu behar du eta lortuko dugu. Egunen batean lortuko dugu bihar nik hemen nirea ez den herri baten etorkizuna erabakiko dudan bezala, nirea den herriaren etorkizuna erabakitzea.