Igandean Loiolako basilikaren aurrean batzeko deia egin dute 28 gazte auzipetuek

Berria.eus 2014ko ira. 17a, 13:51

Epaiketa politikoen kontra, "agerraldi jendetsua" egitea dute helburu gazte auzipetuek. Loiolako basilikaren aurrean izango da, 12:00etan hasita.

Epaiketa politikoen aurkako "beste urrats bat" izango da. Agerraldi "jendetsu bat" izan dadin nahi dute: "Loiola bete behar dugu, ahalik eta jende gehien egon behar dugu". Jazint Ramirez eta Irati Tobar auzipetuek igandeko ekitaldiarekin bat egiteko deia egin dute Argia-k plazaratutako bideo batean.

"Badakigun arren salbuespen legeak Madrilek inposatzen dizkigula, badakigu borroka hori Euskal Herrian irabaziko dugula". Prozesua bidegabetzat jo dute, eta "oposizio aktiboa" egingo dute epaiketan.

Loiolako basilikaren aurrealdea aukeratu dute uste dutelako Loiolak baduela "sinbolismo berezi bat" Euskal Herriak bizi izan duen gatazka politikoarekin. "Oraindik gauza asko konpontzeko daude herri honetan, eta gure epaiketa ere hor kokatzen dugu".

Astelehenetik aurrera 28 gazte epaituko ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, Segiko kide izatea egotzita. Haiei babesa adierazteko, Asteburu Laranja egin dute asteburuan Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan; igandean, Herritarron Adierazpena izenpetu zuten Gernikan.