Ekitaldiz beteta dator Lagun Onak Mendi Bazkunaren asteburua

Uztarria.eus 2014ko ira. 17a, 17:36

Zapatuan txangoa egingo dute Otsagabiako Orhi mendatera. Iganderako, berriz, mendi bizikletako martxa antolatu dute, Urretxura. Horrez gain, mendizaleen asteburua izango da eskola kiroleko gaztetxoentzat, eta Izarraitzera igoko dira zapatuan.

Adin guztietako herritarrentzat ekitaldiak antolatu ditu  Lagun Onak Mendi Bazkunak astebururako. Izan ere, bi irteera eta mendi bizikletako martxa bat egingo dituzte, zapatuan eta igandean.

Zapatuan, helduentzat irteera antolatu dute, eta Otsagabiako (Nafarroa) Orhi mendatea igoko dute. Belaguatik Larraura joango dira, eta handik igoko dira Orhira. Hara joateko, plazan bilduko dira mendizaleak, 6:00etan. Parte hartzeko, sei euro ordaindu beharko dituzte bazkideek, lau euro langabetuek; eta hamar, berriz, gainontzekoek. Izena emateko azken eguna bihar, osteguna, da. Horrez gain, zapatuan bertan, eskola kiroletako gaztetxoentzat irteera antolatu du mendi bazkunak. Horiek 10:00etan bilduko dira, Frontoi Txikin, eta Izarraitzen magalera igoko dira.

Bestalde, igandean, mendi bizikleta martxa jarri du Lagun Onak Mendi Bazkunak. Urretxura joango dira parte hartzen dutenak, baina bi ibilbide egongo dira: luzea eta laburra. Lehenengo, guztiek igaro beharko dituzte Elosu, Gorla, Santa Barbara eta Aginako gurutzea. Baina bueltatzerakoan, ibilbide motza egin nahi dutenak bide gorritik itzuliko dira, eta gainontzekoek, San Kristobaldik, Pagoetatik eta Aratzerrekatik barre egingo dute itzulia. Doakoa da txangoa, eta ez dago aurrez izena eman beharrik.

Beraz, Lagun Onak Mendi Bazkunak eskaini du zeregina astebururako: ibilaldia edo bizikleta martxa, denen eskura.