Ekonomia sozial eraldatzailea sustatzeko "lekua eta unea" da hau

Uztarria.eus 2014ko ira. 19a, 19:48
Ibarguren, antolatzaileetako bat, eta hizlariak: Gonzalez eta Irasuegi.

Ekonomia sozialaren garrantzia garapen lokalean hitzaldia eskaini zuten atzo Beñat Irasuegik eta Liher Gonzalezek Sanagustin kulturgunean. Ekonomia sozial eraldatzailea bultzatzeko, herri ikuskeraren eta garapenaren beharra nabarmendu zuten hizlariek.

"Ekonomia sozial eraldatzailea". Hori izan zen atzo, osteguna, Sanagustin kulturgunean Beñat Irasuegik eta Liher Gonzalezek eskaini zuten hitzaldiaren ardatza. Hizlariek tokiko garapena nola sustatu eta landu azaldu zuten: ekonomia herritik eta herriarentzat eginda. 

Irasuegiren eta Gonzalezen arabera, hori da ekonomia sozial eraldatzailearen xedea, erlazio sozialak garatuta, herri mailako sareak sortzea, lana batera egitea. Kontzeptuak errazago ulertzeko, Irasuegik beraiek sortutako kooperatibaren adibidea jarri zuten. Talaios da beraien enpresa, eta Interteneteko tresnak, garapena eta prestakuntza eskaintzen dute.

Hala ere, beraien asmoa ez da enpresako eskaintzetan soilik gelditzen, kooperatiba horrekin ekonomia soziala bultzatzea baitute helburu. "Guretzako enpresa bat baino gehiago da, bizitza proiektua da Talaios", adierazi zuen Irasuegik. Kooperatibak asetzen ditu langileen beharrak: lana, garraioa, telekomunikazioa eta abar. Hizlariaren hitzetan, beraien filosofiari jarraiki, "behartuta" daude inguruan "onura sozialak" sortzera.

Beraien enpresarekin bat egiten duten beste enpresekin edo taldeekin bilduta sortu zuten Olatukoop, kooperatiba txikien sarea. Olatukoopen dauden taldeek, Talaiosek bezala, gizartearen ongizatea eta lankideen elkartasuna dute oinarri. "Olatukoopekin, gainera, nahi genuen guk sortutako produktuak edo zerbitzuak jabetza komunekoak izatea", esan zuten. Beraien oinarriekin bat egiten duen edonor sar daiteke sarera, ez dago galbaherik horretarako. Gozalezek azaldu zuenez, "gardentasuna", "elkartasuna" eta "aberastasunaren banaketa" errespetatzen duten taldeak libre dira hara joateko. Mezu horrekin, Sanagustinen bildu ziren herritarrei dei egin zieten proiektuan parte hartzeko.

Ekonomia sozial eraldatzailea da hori guztia. Horretarako, oso garrantzitsua da tokiko ikuspegiarekin pentsatzea eta lan egitea, baita hausnartzea zer eman dakiokeen bakoitzak ondokoari. "Beharrezkoa da herrira begira hastea, hemendik eremu zabal batera zabaltzeko. Hau da, Euskal Herria, leku egokia; eta orain, unerik onena", nabarmendu zuten hizlariek.