Giro bikaina zapatu goizean

Uztarria.eus 2014ko ira. 20a, 14:09

Goizeko hamarretan zabaldu dituzte Azoka Herritiken baitan antolatuta azokak, eta ordurako hasia zen jendea kalera ateratzen. Baserritarren azokak hartu du plaza, Bertan merkatari elkarteko denden stock azokak Izarraitz pilotalekua eta bigarren eskuko azokak Done Jakue kalea. Eguerdia gerturatu ahala, geroz eta jende gehiago dabil gune horietan. Gainera, ttuntturroek eta Udal musika bandak girotu dituzte kaleak.

Ez dira azokak, ordea, gaurko protagonista bakarrak. 10:30ak geroztik Sanagustin kulturguneko oholtzan hainbat aurkezpen egiten ari dira. Baserritarrak eta teknologia gai hartuta, www.baserritik.com eta www.urolakostaonline.com webguneen aurkezpenak egin dituzte. Haien ostean baserritar ekintzaileak euren esperientziak kontatzera igo dira oholtzara. Ordurako hainbat haur eta gaztetxo gailetak egiten ari ziren plazan, eta Mikel Uria sukaldaria 12:00etan hasiko den Loiolako pipermorroaren dastaketarako pintxoak prestatzen ari zen. Dastaketarekin batera, bertsolariek girotuko dute plaza. Ondoren, 13:00etan, Urola Gustagarri egitasmoa aurkeztuko dute Sanagustin kulturgunean.

Arratsaldean ere ekimen ugariz gozatu ahal izango da. Hemen egitaraua:

16:00etatik 20:00etara Bertan elkarteko dendarien stock-a Izarraitz pilotalekuan.

16:00etatik 20:00etara bigarren eskuko azoka, Done Jakue kalean.

16:00etatik 20:00etara Azpeitiko Argazki Elkarteko kideek argazkiak aterako dizkiete herritarrei, Sanagustinpean prestatutako estudioan.

17:00etan malabareen ikastaroa, Olazko Andre Mariaren plazan.

17:30ean herrigintzako eragileen topaketa, Sindikatu Zaharrean.

18:30ean Euskal Herriko III. Sega Pika txapelketa, Eliz Kaletik Done Jakue kalera bitarteko pasaleku berrian.

19:00etan herrigintzako topaketen ondorioen aurkezpena, Sanagustin kulturgunean.

Egun osoan jolas-gunea Olazko Andre Mariaren plazan.