Azoka Herritik, azken txanparako prest

Uztarria.eus 2014ko ira. 21a, 16:46

Bigarren Azoka Herritiken hirugarren eta azken eguna jende aldetik lasai hasi da. Igandea izanik, beranduxeago hasi da mugimendua, baina bazkalaurrerako nabaria zen mugimendua. Atzo baserritarrek utzitako tokia hartu dute gaur plazan artisauek: bitxiak, jantzi eta oinetakoak, askotariko tresnak... aukeran jarri dituzte salmenta postuetan. Done Jakue kalean eta Izarraitz frontoian, berriz, atzo bezala bigarren eskuko azoka eta Bertan elkarteko merkatarien stock azoka martxan izan dira. Hiru azoka horiek arratsaldean ere bisitatu ahal izango dira.

Goizean martxan jarri eta arratsaldean jarraituko duen bestea Arte eta Diseinu Ikastegikoek Sanagustinpean jarri duten eskulanen txokoa izango da. Margoekin zein buztinarekin gustura jardun dira han hainbat ume eguerdian. Perez Arregi plazatxoan, berriz, jauzi dantzetan aritu da herritar talde bat.

Sanagustin kulturgunean, berriz, Faktoriaren asteburuko azken saioak egin dituzte. Han hartu dute hitza Bizikletan Bizi-ko, Jauzika heziketa elkarteko eta Azpeitiko pailazo taldeko kideek; Ainara Garcia argazkilariak eta Amancay eta Eñaut Gaztañaga zestoar anai-arrebek; Errezilgo Etxeberri nekazal turismoko eta Beizamako aterpetxekoek; eta HemenBuy Azpeiti eta Azkoitiko merkatari txikien ataria izango den webgunearen egile eta sustatzaileek. Webgunean urrian martxan izatea espero dutela aurreratu dute azken horiek aurkezpenean.

Azken txanpa besterik ez zaio gelditzen aurtengo Azoka Herritiki. Igande arratsaldeko egitarauan azken orduko aldaketa bat ere egon da: herriko pailazoen emanaldia Plaza Txikian izango da, ez Olazko Amaren plazan. Hona hemen igande arratsalderako egitaraua:

16:00etatik 20:00etara artisauen azoka, plazan.

16:00etatik 20:00etara Bertan elkarteko dendarien stock-a Izarraitz pilotalekuan.

16:00etatik 20:00etara bigarren eskuko azoka, Done Jakue kalean.

16:00etatik 20:00etara Azpeitiko Arkeologia taldeak eta Jesus Tapia arkeologoak eskainitako tailer praktikoa, Frontoi Txiki alboan.

18:00etan herriko pailazo taldearen emanaldia, Plaza Txikian.

19:00etan pintxo-poteoa Azpeitiko Tabernarien Elkartearen eskutik.

Egun osoan jolas-gunea Olazko Andre Mariaren plazan: eta xextoen eta paper marmolizatuen tailerrak, plazan.