Aske Gunean idatzi duten manifestua

Uztarria.eus 2014ko ira. 21a, 20:18

Jarraian, Aske Gunean idatzi duten manifestua.

Beste behin ere egoera larri batean aurrean gaude. 28 euskal gazte epaituko ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, torturapean egindako deklarazioak oinarri hartuta. Sei urteko espetxe zigor arriskuan daude. "Demokrazia" batean erabat onartezina da, eta berriz ere lege injustuen aurrean desobedientzia aldarrikatzeko unea dugu.

Epaiketa honek ez du zentzurik. Juridikoki ez du zentzurik, eta politikoki ere ez, ez Euskal Herrian behintzat. Epaiketa hau erabat injustua da. Pasa den ikasturtean salbuespen auzitegi honek 40 euskal gazte absolbitu berri ditu, eta orain akusazio berak erabiliko dituzte 28 gazteen aurka. Noiz amaituko da amesgaizto hau? Gure esku dago erantzuna. Herri harresia indartzen joan behar dugu. Aurrera pausoak ematen.

Zer planteatzen dugu?

Euskal Herrian azken urteotan hainbatetan adierazi dugu gatazka politikoari irtenbide demokratikoa eman nahi diogula. Lege injustuetan oinarritutako epaiketa politikoak erabat lekuz kanpo daudela. Bake aukera hau nola hala zapuztu nahi digute. Baina aurrera goaz. Konponbidearen hautua egina dugu eta ez gara besoak gurutzatuta geratuko. Eta badakite.

Epaiketa politikoekin amaitu behar dugu. Hori da helburua.

Azken urteotan epaiketa politikoen aurkako ekimen bakoitzetik ikasten goaz. Geroz eta gehiago gara egoera honekin amaitu behar dela uste dugunok. Geroz eta herri harresi indartsuagoa osatu behar dugu. Geroz eta zailago jarri behar diegu atxiloketak egitea, hala besterik ez dugu lortuko hauek amaitzea.

1- Gutako batzuk Madrilera joango gara epaiketa fartsa hau salatzera. Askok beren torturatzaileekin-  egin beharko dute topo. Nola onartu halakoak gizarte justu batean?

2- Beste batzuk ez gara joango. Ez gara hemendik mugituko, ez inongo epaiketara aurkeztuko. Prozesua bultzatzeko arazo estruktural hau ere konpontzen hasi behar dugula adierazi nahi dugu. Jakinik hemen geratzeagatik atxilotuko gaituztela, hau da herri honen konponbideari egiten diogun ekarpena. Herri harresiaren garaia da berriz ere eta denon laguntza beharko dugu.

Konponbidea lortuko badugu, denon ekarpena ezinbestekoa izango da. Bakoitzak ahal duen neurrian. Guztia izango da ongi etorria. Denon alea beharko dugu Madrildik datozen erasoei aurre egiteko. 

Indarrak biltzeko garaia da, batera ekiteko garaia. Herri gisa erantzuteko beste aukera bat daukagu. Elkar gaitezen.

Irabaziko dugu.