Egun osorako egitaraua antolatu dute Loiolako Aske Gunean, Madrilen epaiketa hasiko den egunerako

Uztarria.com, Berria.eus 2014ko ira. 22a, 11:29
Loiolako Aske Gunea, gaur goizean.

1/12 sumarioaren epaiketa gaur, astelehena, hasiko da Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Baina Segiko kide izatea egotzita auzipetutako 28 lagunetako batzuk ez dira epaiketara aurkeztuko; basilikaren atarian eratu duten Aske Gunean daude atzo eguerdiaz geroztik.

Dozenaka lagun elkartuta daude Loiolako basilikaren aurrean atzotik, hilak 21, gaur Madrilen hasiko duten 28 gazteren aurkako prozesua salatu eta guztiak libre uzteko eskatzeko. Bertan dira auzipetuak eurak ere; 10:30ean prentsaurrekoa emango dute. Askotariko ekintzak antolatu dituzte egun osorako.

Atzo eguerdian agerraldia egin zuten auzipetutako 28 gazteek. Desobedientziarako hautua egin dutela azaldu eta "herri aktibaziorako deia" egin zuten. Agerraldian bertan ehunka lagunen babesa izan zuten. Horietako asko Loiolako basilikaren aurrean sortu duten Aske Gunean gelditu ziren. Han igaro dute gaua dozenaka lagunek eta gaur goizeko bederatzietarako bertara hurbiltzeko deia egina zuten, goizean zehar ertzainak Madrilera joan ez diren gazteen bila ager daitezkeelakoan.

Hala ere, egun osorako egitaraua antolatu dute Aske Gunearen sustatzaileek. Hona hemen:

09:00. Denak Loiolan!

10:30. Prentsaurrekoa.

11:30. Saharari buruzko hitzaldia.

12:00. Elkarretaratzea.

14:00. Bazkaria.

16:30. Sorospen tailerra.

17:30. Gatazkaren konponbideari buruzko mahaingurua.

18:00. Hankapalo tailerra.

18:30. Alemaniari buruzko hitzaldia.

19:30. Elkarretaratzea

20:00. Skatu taldea. Ondoren afaria eta asanblada.

Oraindik egitaraua irekia dago, animatu!

Bi elkarretaratze, egunero

Horiez gain, 12:00etan eta 19:30ean elkarretaratzeak egingo dituzte Aske Gunean, gaurko, eta guneak iraungo duen egun guztietarako ere bai.

Bestalde, Ertzaintza agertzen denean etxafuegoak botako dituztela jakinarazi dute Aske Gunekoek.