Bart utzi zuten aske Esteban Orbegozo

Uztarria.eus 2014ko ira. 23a, 12:37

Herri harresian atxilotu zituzten babesa ematera joandako bi lagunak aske dira dagoeneko. Erresistentzia eta desobedientzia leporatu dizkiete. Atzokoa salatzeko, gaur, asteartea, elkarretaratzea izango da Azpeitiko plazan, 19:00etan hasita. Esteban Orbegozok Info7 irratian hitz egin du.

Atzo, astelehena, Loiolako Aske Gunean zeuden bost gazte auzipetuak atxilotu zituen Ertzaintzak. Hiru ordu inguru behar izan zituzten bost gazteak atxilotzeko, eta haiei babesa emateko sortutako herri harresian ziren bi lagun ere atxilotu zituzten.

Atxilotu horietako bat Esteban Orbegozo azpeitiarra da, eta ormaiztegiarra bestea. Hasieran agintearen kontrako erasoa, erresistentzia eta desobedientzia leporatu bazizkieten ere, aurreneko akusazioa kendu diete. Ertzaintzaren arabera, ertzain bati eraso egin zioten, baina irudiek erakutsi dute ez zela horrelakorik izan.

Zarauzko komisaldegira eraman zituzten atxilotuak, eta 01:30ak aldean utzi zituzten aske.

"Auzipetutako 28 gazteak libre nahi ditugula aldarrikatzeko, konponbidea behar dugula adierazteko eta azpeitiko herritarraren atxiloketa bortitza irmoki salatzeko" elkarretaratzea deitu du Azpeitiko Libre dinamikak. 19:00etan izango da, plazan.

"Atxiloketa anekdotikoak"

"Ondo nago. Nik uste dut anekdota izan dela gurea, gazteen ondoan, eta susto bat soilik izan da", azaldu dio Orbegozok Info7 irratiari. Zarauzko anbulatoriora eta gero Donostiako hospitalera eraman zuten azpeitiarra, eta sudurra ez duela hautsita azaldu du. Audioa osorik, hemen.