Herritarren jarrera eta babesa eskertu dituzte

Uztarria.eus 2014ko ira. 23a, 21:40

Epaiketa politikorik ez, konponbidea bai lelopean bildu dira azpeitiarrak, herriko plazan. Azpeitiko Libre taldeak egin du hara joateko deia, eta plaza bete dute herritarrek. Ekitaldiaren helburua atzo, astelehena, Loiolan egindako atxiloketak salatzea eta auzipetuei zein Esteban Orbegozo herritarrari babesa erakustea izan da.

Elkarretaratzearen aurretik, arkupeetan bildu dira Libre taldeko ordezkariak, Orbegozo eta herritarrak. Libreko kideek eskerrak eman dizkiete herritarrei, atzo erakutsitako ausardiagatik eta izandako jarreragatik. Haien arabera, "gauzak aldatzen" ari dira Euskal Herrian, eta agintean daudenei "gero eta gehiago" kostatuko zaie horrelako operazioak egitea. Ondoren, Orbegozok hartu du hitza, eta han zeudenei eskerrak eman dizkie, berari eta senideei eskainitako babesagatik.