Nuarbetarrek Angel Otaegi omenduko dute zapatuan

Uztarria.eus 2014ko ira. 25a, 12:40

Aurten aurrenekoz, Francoren erregimenak Otaegi, Juan Paredes Manot Txiki zarauztar etakidea eta FRAPeko beste hiru kide hil zituen 39. urteurrenean, Nuarbeko auzo batzarrak deituta ekitaldia egingo dute Nuarben. Auzo batzarrak azaldu duenez, ekitaldiaren helburua da "sufrimenduaren aitortza eta memoria aldarrikatzea, nahiz etorkizuna bakean eta askatasunean erakitzearen aldeko mezua zabaltzea".

Aurrenekoz, Nuarbeko auzo batzarrak deituta, Angel Otaegi omenduko dute zapatuan, hilak 27, Francoren erregimenak Otaegi, Juan Paredes Manot Txiki zarauztar etakidea eta FRAPeko beste hiru kide hil zituen 39. urteurrenean. Angel Otaegi zenaren etxearen aurrean, Nuarben, egingo dute ekitaldia haren auzokideek, lagunek eta senideek, 18:30etan. 

Ekitaldiaren xedea Otaegik eta bere gertukoek jasandako "sufrimenduaren aitortza eta memoria aldarrikatzea" direla azaldu dute: "Denon artean etorkizuna bakean eta askatasunean eraikitzearen aldeko mezua zabaldu nahi dugu". 

Nuarbeko auzo batzarrak herritarrei eta erakundeei ekitaldian parte hartzeko gonbita luzatu die. Hala nola, memoria historikoa lantzen duten elkarteak, Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Jaurlaritza nahiz ordezkari istituzionalak gonbidatu dituzte ekitaldira.

18:30ean hasiko da ekitaldia, eta musika, dantza eta lore eskaintzaz gain, Nuarbeko auzo batzarrak adostutako testua irakurriko dute.

Igandean beste omenaldia

Urteroko legez, igandean egingo dio ezker abertzaleak omenaldia Angel Otaegi zenari Nuarben. Azpeititik Nuarbera mendi martxa egingo dute, 09:00etan plazatik irtenda. 12:30ean iritsiko dira hara, eta 14:00etan bazkaria izango da Nuarbeko pilotalekuan.

2011ko ekainean, 1960 eta 1978. urtea bitartean Espainiako estatuaren gehiegikeriak jasandako biktimei aitortza egiteko eta ordaina emateko dekretua onartu zuen Eusko Jaurlaritzak. Tartean, Otaegi ere biktima gisa aitortu zuen, eta Uztarria.com-ek elkarrizketa egin zion haren lengusu Mertxe Urtuzagari.

2001ean Iban Arregik Angel Otaegiri buruzko liburua idatzi zuen, Uztarriaren liburuxka biografikoen bildumaren baitan.