Aurrekontu parte-hartzaileetako dirua zertan inbertitu erabakitzeko azken bilera da bihar

Uztarria.eus 2014ko ira. 29a, 16:42

Udaletxeko bosgarren solairuan izango da hitzordua, 19:00etan. Herritarrek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hobetsitako proiektuen artean, hoberenak aukeratuko dituzte, Urola Erdiari dagozkion 500.000 euroak horietan gastatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2014ko aurrekontu parte-hartzaileetako dirua zer egitasmotan inbertitu erabakitzeko azken bilera egingo dute bihar, asteartea, udaletxeko bosgarren solairuan, 19:00etatik aurrera. Azpeitiko, Azkoitiko, Zestoako, Beizamako eta Errezilgo herritarrek hemeretzi proiekturen artean aukeratuko dituzte gustukoenak, aldundiak agindutako 500.000 euroak gastatzeko.

2013ko urrian hasi zen martxan aldundiaren Partaidetzazko aurrekontuak proiektua, eta azken urtean herritar ugari bildu dira eskualdeari dagozkion egitasmoak proposatzeko eta aztertzeko. Erakundeak jakinarazi duenez, froga egin den lau eskualdeetan 300 lagunetik gora bildu dira batzarretan, eta 930 proposamen egin dituzte. Beraz, biharkoa izango da proiektuak hautatzeko behin betiko bilera.