Pako Aristi: "Liburu honetan bidaia bat planteatzen da, bizitza bera bezalaxe"

Urola Kostako Hitza 2014ko urr. 2a, 11:51

Hamaika urte pasatu dira Libreta horiko poemak aurreko poema liburua argitaratu zuenetik. Elkarrizketarekin hasi bezain pronto, ordutik hona –Urak ostutako poemak (Susa) liburu berria bitartean– igarotako tarte luzeaz mintzo da Pako Aristi (Urrestilla, Azpeitia, 1963). "Idaztea ez da izaten erlojuaren aurka egiteko zerbait. Lan bakoitzari dagokion denbora eskaintzea gustatzen zait niri, batik bat orain ulertzen ez dituzun gauzak hemendik bost edo hamar urtera ulertzen dituzulako". Poesiak norbere bizitzaren eboluzioa azaltzen duela dio, eta eboluzio hori makala izaten dela, ez dela bat-batekoa. "Horregatik, behar izaten da denbora".

Oraingo poema hauek urak ostutakoak dira. Nondik dator izenburua?

Liburu honetako poema gehienak Getarian sortutakoak direlako jarri diot Urak ostutako poemak. Kirol pixka bat egitera joaten naiz goiz askotan Getariara, eta han itsasertzean paseatzen dut. Poema asko itsasoari begira sortu zaizkit. Itsasoak badu mugimendu oso erakargarria, mendiak ez bezala aspertzen ez duena. Itsasoa beti da ezberdin: kolorea, olatuaren neurria, haizearen gorabehera, tenperatura… Inspiratzaileagoa da. Arrantzaleek arrainak harrapatzen dizkiote eta urbanismoko zinegotziak, berriz, tokia kentzen saiatzen dira portua zabaltzeko, nahiz eta gero itsasoa etorri eta berriz bere eskutan hartzen duen. Nik zer kendu diodan itsasoari? Bada, poema batzuk edo poema horien haziak. Ziur aski, nire baitan izango ziren ideiak, baina patxadazko une horietan ikusi ditudanak. Itsasoak lagundu dit horiek azaleratzen.

Poema guztiak gai berari lotuta al doaz, ala elkarren artean oso diferenteak dira?

Oso poema diferenteak dira. Liburu honetan bidaia bat planteatzen da, bizitza bera bezalaxe; hau da, jaiotzean abiatzen dena, eta bidaia horretan gauza asko deskubritzen joaten zara, disgustu asko ere bai, ongi ateratzen diren gauzak eta gaizki ateratzen direnak… Gizarte batean zauden neurrian, presio handia egoten da zugan gizarte horren aldetik. Gizarteak nahi du zu era batekoa izatea, zuk zerbaitetarako balio izatea, eta horren aurrean, bi aukera dituzu: gizarteari amen esan edo horri aurre egin, nolabaiteko errebeldia bat agertuz, eta zeure nortasuna defendatu. Hor borroka sakon bat sortzen da, eta borroka horrek bizitza osoa irauten dizu. Azken finean, gauza horiek kontatzen dira liburu honetan.

Elkarrizketa osoa Urola Kostako Hitza-ren webgunean.