Zapatuan hasiko da Organo Erromantikoaren XV. Nazioarteko Zikloa

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2014ko urr. 2a, 12:07
Pili Arrieta Azpeitiko kultur teknikaria, Esteban Elizondo organo jotzailea, Urrategi Alberdi Azkoitiko alkatea, Jose Luis Franzesena organo jotzailea, eta Edurne Korta ta Jesus LarraƱaga Bergarako eta Azkoitko kultur teknikariak.

Zikloa "anitza eta kalitatezkoa" izango dela azaldu dute antolatzaileek. Loiolako basilikan hiru kontzertu izango dira, eta beste hiruna Azkoitian eta Bergaran.

Azpeitiko, Azkoitiko eta Bergarako Udalek eta hainbat organo jotzailek Organo Erromantikoaren XV. Nazioarteko Zikloa prestatu dute datozen asteburuetarako. Ziklo "zabala eta anitza" prestatu dutela azaldu dute, eta Euskal Herriko zein nazioarteko organo jotzaileek hartuko dute parte hiru herrietako saioetan, musikarien eta abeslarien laguntzarekin. Aurten Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen 250. urteurrena da, eta ia kontzertu guztiek gai hori izango dute oinarri. "Maila oneko" saioak izango direlakoan daude antolatzaileak, eta pieza batzuk "berrituak eta besteak tradizionalagoak" izango direla esan dute, baina denenentzat "gustagarriak".

Esteban Elizondo organo jotzailearen esanetan, "Gipuzkoan dagoen organo ondare garrantzitsuaren eraginez" hasi ziren zikloa antolatzen, eta arrazoi horri eusten diote hamabost urte geroago ere. "Organo jotzaileak oso pozik ateratzen dira kontzertuetatik, eta gerora itzuli egiten dira", gaineratu du.

Ohikoa den moduan, herri bakoitzean hiruna kontzertu eskainiko dituzte; saio batean organoa soilik ariko da, bestean organo jotzailea eta abeslaria ariko dira, eta azkenekoan organo jotzaileak eta abesbatzak eskainiko dute kontzertua. Horrez gain, Azpeitiko eta Bergarako organo ikasleen kontzertuak izango dira entzungai etzi, zapatua, Azkoitian.

Azpeitiko kontzertu guztiak Loiolako basilikan izango dira igandeetan, eta Azkoitikoak Amabirjinaren Jasokundearen parrokian zapatuetan. Bergarakoak, aldiz, Santa Marina elizan izango dira aurten, San Pedro parrokiako organoa "egoera eskasean" dagoelako. Horiek ere larunbatetan izango dira.

Pili Arrieta Azpeitiko Udaleko Kultur teknikariak nabarmendu du zikloa "finkatuta" dagoela: "Hasieran jende gutxirentzat zela ikusten bazen ere, egun entzule asko ditu". 

Egitaraua

Azkoitia

Urriak 4, zapatua:

11:00etan organo ikasleen kontzertua, Amabirjinaren Jasokundearen parrokian.

20:00etan Anabel Aldalur mezzo-ak, Gorka Zabaleta txistulariak eta Fernando Gonzalo organo jotzaileak eskainiko dute kontzertua, Amabirjinaren Jasokundearen parrokian.

Urriak 11, zapatua:

20:00etan Esteban Elizondo organo jotzailearen emanaldia, Amabirjinaren Jasokundearen parrokian.

Urriak 18, zapatua:

20:00etan Koruko Andre Maria musika kaperaren eta Alize Mendizabal organo jotzailearen emanaldia, Amabirjinaren Jasokundearen parrokian.

Azpeitia

Urriak 5, igandea:

20:00etan Anabel Aldalur mezzo-ak, Gorka Zabaleta txistulariak eta Fernando Gonzalo organo jotzaileak eskainiko dute kontzertua, Loiolako basilikan.

Urriak 12, igandea:

20:00etan Esteban Elizondo organo jotzailearen emanaldia, Loiolako basilikan.

Urriak 19, igandea:

20:00etan Koruko Andre Maria musika kaperaren eta Alize Mendizabal organo jotzailearen emanaldia, Loiolako basilikan.

Bergara

Urriak 4, zapatua:

20:00etan Pier Paul Berzaiz abeslaria, Joxan Goikoetxea akordeoi jotzailea eta perkusionista eta Ana Belen Garcia organo jotzailea, Santa Marina elizan.

Urriak 11, zapatua:

20:00etan Franz Hauk organo jotzailea, Santa Marina elizan.

Urriak 18, zapatua:

20:00etan Bergarako orfeoiaren eta Aitor Olea organo jotzailearen kontzertua, Santa Marina elizan.