Langabetu gazteak kontratatzeagatik Lanbideren diru-laguntzak jasoko dituzte enpresek

Uztarria.eus 2014ko urr. 2a, 13:56
IƱaki Portilla zinegotzia. (Azpeitiko Udala)

Lanbiden izena emanda dauden 30 urte baino gutxiagoko gazteek eta ikasketak bukatu berri dituztenek eman dezakete izena dagoeneko. Enpresak, gutxienez, sei hilabeteko lanaldi osoko kontratua eskaini beharko du azaroaren 21a baino lehen egin beharko dute kontratua.

Langabezian dauden gazteak praktiketarako kontratatzen dituzten enpresentzat Lehen aukera diru-laguntza programa jarri du abian Lanbidek. Interesa dutenek dagoeneko eman dezakete izena, eta honakoak dira praktikak eskatzen dituztenentzako betebeharrak: 30 urte baino gutxiago izatea, unibertsitateko edo Lanbide Heziketako ikasketak bukatu berri izatea eta Lanbiden izena ematea lan-eskatzaile moduan. 

Gutxienez sei hilabeteko eta lanaldi osoko kontratua eskaini beharko dute enpresek diru-laguntzak jasotzeko . Kontratuak 2014ko azaroaren 21a baino lehen egin beharko dira eta enpresak jasoko duen hobaria kontratatutako pertsonak jasotako hileroko soldata gordinaren araberakoa izango da, beti ere, 2.450 euro eta 3.620 euro bitartekoa. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, gutxienez, %70eko lanaldia izan beharko du, eta diru-laguntzen zenbatekoa horren arabera egokituko dute.

Diru-laguntzak 2014-2016 Enplegu Planaren baitan kokatzen direla azaldu du Iñaki Portilla Azpeitiko Udaleko Industria, Merkataritza eta Turismo zinegotziak, eta programaren helburua da "ikasle bizitzatik bizitza profesionalera igarotzear dauden eta krisiak gogor astindu duen gizartearen zati bat, gazteak, laguntzea". Portillak azaldu duenez, "gazteen langabezia bereziki landu behar delako eta egoera oso larria denez, eskaini ditzaketen laguntza orok ahalik eta oihartzun handiena izatea nahi dugu".

Informazio gehiago behar izanez gero Azpeitiko Udalarekin (943 15 72 00) edo Iraurgi Berritzenekin (943 02 60 69 edo info@iraurgiberritzen.net) jarri behar da harremanetan.