Presoen senideei emandako diru-laguntzak "eskubide baten inguruko babes neurriak" direla esan du Eneko Etxeberriak

Uztarria.eus 2014ko urr. 2a, 14:51

Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Carlos Urkijok Azpeitiko Udala eta beste zenbait salatu ditu presoen senideei sakabanaketaren ondorioz egin behar izaten dituzten bidaietarako diru-laguntzak emateagatik. Horren harira, adierazpenak egin ditu Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak, eta hark esan duenez, "giza eskubide baten inguruko babes neurriak" dira laguntza horiek. Etxeberriaren aburuz, Udalak hartutako neurria "laguntza sozial txiki bat besterik ez" da, "ez baitira presoen oinarrizko eskubideak betetzen".

Hemen, Etxeberriaren adierazpena osorik:

"Azpeitian giza eskubide urraketak gertatzen ari dira, eta edozein presoren senidek ehundaka kilometro egin behar ditu asteburuoro bere bizitza jokatzeaz gain, kalte ekonomiko izugarriak sortuaraziz. Horrekin mendeku politiko hutsa eta edozein herritarrek, preso dagoenak ere, duten duintasuna puskatzea bilatzen dute.

Azpeitiko udalak herriko presoen senitartekoei aspalditik laguntzen die, eta neurri batean hainbeste kilometro egiteagatik jasaten dituzten kalte ekonomikoetan laguntzea nahi du. Beraz, giza eskubide baten inguruko babes neurriak dira. Eta udalak hartutako neurria laguntza sozial txiki bat besterik ez da; ez baitira presoen oinarrizko eskubideak betetzen.

Beraz, Espainiako Gobernuak laguntza hauen aurka egin beharrean, dispertsioarekin amaitzea du egin beharrekoa".