Angel Oiarbide: "Jarrera aktiboa hartuz gero, gu izango gara etorkizunaren protagonistak"

Uztarria.eus 2014ko urr. 2a, 17:21
Azpeitiko Gure Esku Dagoko kidea eta Oiarbide, Sanagustinen.

Gure Esku Dago egitasmoaren hastapenei eta etorkizunari erreparatu zien Angel Oiarbidek atzo, Sanagustin kulturgunean eskainitako hitzaldian. Etorkizunari begira, herritarrei mezu positiboa eman zien ekimenaren sortzaileetakoak, eta argi utzi zuen Gure Esku Dago "jarrera bat" dela.

Duela urte eta erdiko toki berean bildu ziren atzo Angel Oiarbide eta azpeitiarrak, Sanagustin kulturgunean. Gaia 2013ko ekainaren 27koaren bera zen, herrien erabakitzeko eskubidea; eta xedea ere bai, eskubide horren aitortza. Hala ere, zerbait aldatu da azken hilabeteetan: testuingurua, parte-hartzea, jarrera eta ilusioa, besteak beste.

Angel Oiarbideren esanetan, Gure Esku Dago egitasmoaren sorreran, guztia oso lauso ikusten zuten herritarrek; oztopo asko irudikatzen zituzten bidean, eta ez zekiten zertarako gai ziren. "Buruan genituen harresiak, ez genekien, benetan, nolakoak ginen", adierazi zuen. Beraz, apaltasunetik abiatu zen Gure Esku Dago, "pauso txikiekin".

Lan handia egin dute herritarrek azken urte eta erdian, 170 herri-batzorde ari dira lanean Euskal Herri osoan: "Gure Esku Dagok herritarrak bildu ditu, eta aurreiritziak baztertzeko bidea izan da herri askotan". Elkarlana izan da ekimenaren oinarria, bihotza eta motorra, eta hori erakusteko ekainaren 8ko giza-katea ekarri zuen gogora: "Milaka pertsonak, protagonistak, hartu zuten parte giza-katean; herritar aktiboak eta beharrezkoak".

Oiarbidek azaldu zuenez, ekainaren 21an bildu ziren Gure Esku Dagoko kideak, eta orduan erabaki zuten proiektuarekin aurrera jarraitzea. Asteburuan, ikasturte berriarekin batera, batzar nazionala egin dute Gasteizen, eta "orri zuria" jarri dute mahai gainean. "Inor ez da etorriko zer eta nola egin behar den azaltzera, guk galdetu behar diogu gure buruari: 'Zer pauso jarraitu behar dira herri mugimendu eraginkorra egiteko?'", azaldu zuen hizlariak. Herritar guztien hausnarketatik abiatuta eman nahi zaio jarraipena ekimenari, guztien esku baitago hori.

Eskozia eta eskoziarrak, eredu

Eskoziako erreferenduma izan zuen mintzagai Oiarbidek. Xavier Solano SNPko, Eskoziako talde nazionaleko, aholkulariaren ondorioak partekatu zituen, eta argi utzi zuen autodeterminazio eskubidearentzat "lorpena" izan dela galdeketa: "Emaitza ez, ariketa izan da lorpena". Hizlariaren hitzetan, 2014a mugarria izan da estaturik gabeko nazioentzat, "hango haizeak" euskal herritarrengan "eragin" baitu.

Gure Esku Dago egitasmoko kidearen hitzetan, Eskoziak eta Erresuma Batuak ikasgai bat eman dute. "Lege aldetik, erreferendumaren emaitza ez zen loteslea, hau da, ez zen derrigorrezkoa estatuarentzat emaitzari erreparatzea. Hala ere, bi aldeek onartu zuten herriaren borondateari bide ematea", nabarmendu zuen Oiarbidek. Horren harira, Idiazabalgoak azaldu zuen Rajoyri "mezu zuzena" bidali ziola David Cameronek, Erresuma Batuko lehendakariak. Honakoa esan zuen Cameronek erreferendumaren biharamunean: "Erresuma Batua maite dut, baina demokrata naiz". Beraz, hizlariaren arabera, Cameronek onartu zuen borondatea ezin zaiola egokitu legeari, legea dela herritarren borondatearen zerbitzura egon behar duena.

Eskoziako herritarrak ere erreferentetzat hartu zituen Oiarbidek. Izan ere, Eskoziaren independentziaren aldekoek eta aurkakoek modu demokratikoan eman dute boza, eta errespetuz onartu dute erabakia. "Eskozian, bizi direnak bizi dira, aniztasuna baloratzen dute. Baietzaren aldeko herritarra ez da ezezkoaren aldekoa baino eskoziarragoa, ez dute independentzia identitatearekin lotzen. Haiek, jada, Eskoziako herritarrak sentitzen dira: beraientzat independentzia ez da helburua, aurrera egiteko eta bizi-maila hobetzeko tresna baizik", azaldu zuen hizlariak. Beraz, Oiarbideren hitzetan, irailaren 18a geroztik, eskoziarrak aktiboagoak dira, protagonistagoak dira.

Konpromisoaren olatua

Bestalde, Gure Esku Dago egitasmoko kideak iradoki zuen "gizartea aldatzeko" garaia dela, konpromisoa hartzekoa. Izan ere, ez du ondo ikusten politikoez kexatu; eta, ondoren, herritarrek ezer ez egitea: "Ordezkari politikoak gizartearen islada dira", ohartarazi zuen. Katalunia jarri zuen adibidetzat: "Begira Kataluniara, hango politikariak, oro har, duela lau urtekoak dira, baina haien jarrera desberdina da, gizartea aldatu egin delako".

Herriarrei hausnartzeko aukera eman zien Oiarbidek atzoko hitzaldian. Azken 50 urteetan arbasoek eginiko lana gogoratu zuen, eta eserita zeudenei honakoa galdetu zien: "Zer ari gara egiten gu? Zer utziko dugu hemen ondorengo belaunaldien eredu izan gaitezen?". Konpromisoaren olatua eratzeko, "uhina sortzea" herriari dagokio, hizlariaren arabera. "Jarrera aktiboa hartuz gero, gu izango gara etorkizunaren protagonistak", aldarrikatu zuen.

Horrela amaitu zen jarduna Sanagustinen, isiltasunarekin, lehenik, Oiarbidek herritarrak pentsakor utzi zituelako; eta txalo zaparrada artean, ondoren, hizlariaren bultzada eskertu zutelako. Bide batez, Azpeitiko Gure Esku Dagok aukera probestu zuen hurrengo ekitaldiak aurkezteko: Pat Ricek hiz egingo du urriaren 8an, 19:00etan Sanagustinen, Ipar Irlandako Ostiral Santuko hitzarmenaren ondorioez; eta bilera irekia egingo dute hilaren 11n, 10:00etan Baigeran, lanean jarraitzeko bidea adosteko.