Irigoienek Izeta IV.aren aurkako apustua irabazi du, eta 'Goenatxo'-k ezarritako marka ondu du

Uztarria.eus 2014ko urr. 6a, 11:57

Aimar Irigoienek irabazi du Izeta IV.aren aurkako harri-jasotze apustua, zarauztarrak baino lau jasoaldi gehiagorekin. Zapatuan, herriko zezen plazan jokatutako erronkan, 152 kiloko harri kubikoa erabili zuen errezildarrak; eta 138 kilokoa, berriz, zarauztarrak. Hala adostu zuten, hamar minutuko hiruna txandatan jasoaldi gehien egiten zituen harri-jasotzaileak irabaziko zuen apustua, eta txapela Errezilera joan zen.

Honela joan ziren markagailuak, txandaro:

  • Lehen txandan: Izeta IV.ak 33 jasoaldi, eta Irigoienek 34.
  • Bigarren txandan: Izeta IV.ak 30 jasoaldi, eta Irigoienek 31.
  • Hirugarren txandan: Izeta IV.ak 30 jasoaldi, eta Irigoinenek 32.

Horrez gain, Irigoienek Juan Joxe Unanue Goenatxok 1988an eginiko marka ondu zuen zapatuan. Izan ere, 152 kiloko harri kubikoarekin 96 jasoaldiko errekorra zuen ezarria azkoitiarrak, eta Errezilgoak jasoaldi bat gehiago eman zion, Azpeitiko zezen plazan.

Giro polita izan zen zapatuan zezen plazan, 1.300 lagun inguru bildu ziren, eta bi ordu pasatxoko erakustaldiaz gozatu zuten herritarrek eta bisitariek.