"Egitasmo komunikatiboaren defentsan" deklaratu dute Topatu.info-ko auzipetuek Auzitegi Nazionalean

Uztarria.eus 2014ko urr. 7a, 11:37
Hiru auzipetuak, Izaro Zinkunegi, Iraits Salegi eta Nekane Zinkunegi, Madrilen, deklaratu aurretik. (Topatu.info)

Madrilgo Auzitegi Nazionalean deklaratu dute gaur, asteartea, Nekane eta Izaro Zinkunegi ahizpa errezildarrek eta Iraitz Salegi bergararrak, Topatu.info webgunean Gazte Danbada ekimenari buruz informatzeagatik, eta "terrorismoa goratzea" leporatuta. 10:00etan pasatu dira Eloy Velasco epailearen aurretik, eta 12:00ak aldean atera dira. Gogor salatu dute "prentsa askatasunaren kontrako eraso bat gehiago izan dela Topatu.info-ko kideon auzipetzea".

Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu dute gaur, asteartea, Nekane Zinkunegi eta Izaro Zinkunegi errezildarrek eta Iraitz Salegi bergararrak, Topatu.info webgunean Gazte Danbada ekimenari buruz informatzeagatik eta "terrorismoa goratzea" leporatuta. Ekitaldi politiko hartan egun haietan hil zen Xabier Lopez Peña euskal presoa izan zuten gogoan. Horren ondorioz, Ernai antolakundeko sei kide eta Periko Solabarria ere inputatu gisa deklaratzera deitu zituen Auzitegi Nazionalak.

Eloy Velasco epailearen aurrean izan dira 10:00ak pasatxotik 12:00ak aldera bitartean. Gaur hiru kazetariei deklarazioa jaso die Velascok, eta Nekane Zinkunegik Uztarria.com-i adierazi dionez, "orain zain egon behar" dute, fiskalak deklaratu ostean egiten duelako zigor eskaera.

Auzipetuek Topatu.info webgunean jakinarazi dutenez, "egitasmo komunikatiboaren defentsan" deklaratu dutela azaldu dute: "Gogor salatu nahi dugu prentsa askatasunaren kontrako eraso bat gehiago izan dela Topatu.info-ko kideon auzipetzea, eta epailearen aurrean ere horixe salatu dugu".

"Bihotzez eskertzen dizuegu komunikabide zein herritarroi egunotan adierazi diguzuen babesa eta elkartasuna. Zuekin kontatzen dugu aurrerantzean ere; etorkizunean prentsa askatasuna amets bat izan ez dadin, oraina kontatzen jarraituko dugulako!", gaineratu dute. Hemen, Auzitegi Nazionalean deklaratu ostean hiru auzipetuek egin dituzten adierazpenak.

Nekane Zingunegi Uztarria Komunikazio Taldeko kolaboratzaile ohia da.