Ezkutuko Altxorrak bisita gidatuak asteburuan hasiko dira, Bakardadearen Kaperarekin

Uztarria.eus 2014ko urr. 7a, 19:48
Bakardadearen Kapera.

Herriko bi gune bisitatuko dituzte egitasmoaren baitan: Bakardadearen Kapera, zapatuan, eta Madalenako Ospitalea, abenduaren 13an. Ostirala da azken eguna lehen bisitan izena emateko, eta Loiolako turismo bulegoarekin harremanetan jarri beharko da horretarako.

Azpeitiko bi gune bisitatzeko aukera izango dute herritarrek, Ezkutuko Altxorrak bisita gidatuen ibilbidearen baitan. Bakardadearen Kapera eta Madalena Ospitalea dira, hain zuzen, bisita daitezkeen XV. mendeko eraikinak.

Ezkutuko Altxorrak egitasmoak Debagoienako, Urola Erdiko eta Urola Garaiko zenbait leku ezagutaraztea du helburu. Horretarako, hamasei bisita gidatu antolatu dituzte, XV. mendea eta Ignaziotar bidea ardatz hartuta. Ignaziotar Lurraldeak antolatu ditu ekintzak, hots, Iraurgi Lantzenek, Debagoienako Mankomunitateak eta UGASSAk.

Asteburuan hasiko da eskaintza, Bakardadearen Kaperarekin. Urriaren 11n, zapatuan, hura bisitatzeko aukera izango dute herritarrek, 12:00etan. Izena eman nahi dutenak ostirala baino lehen jarri beharko dira harremanetan Loiolako turismo bulegoarekin. Horretarako, 943 15 18 78 telefono zenbakira dei dezakete, edo info@tierraignaciana.com helbidera mezua idatzi. Bisitaren prezioa hiru eurokoa da.

Madalenako Ospitalea bisitatzeko aukera, berriz, abenduaren 13an izango da. Bisita horretan parte hartzeko nahikoa da abenduaren 12a baino lehen izena ematea.