Zinea eta musika uztartuko ditu Udal Musika Bandak igandean, Soreasu antzokian

Uztarria.eus 2014ko urr. 8a, 18:34

Zine-musikaleko film garrantzitsuenak errepasatuko dituzte igandean, 13:00ean, Soreasu antzokian. An American in Paris, Mary Poppins edo Chicago pelikulak oroituko dituzte, besteak beste.

Atzo eta gaurko zine-musikalari begiratzeko aukera izango dute herritarrek datorren igandean, hilaren 12an, Soreasu Antzokian. Izan ere, Udal Musika Bandak zinea eta musika uztartuko ditu 13:00ean eskainiko duten emanaldian. Film musikal zaharrenak eta berrienak omenduko dituzte Soreasun, eta kontzertua herritar guztientzat egongo da irekita.

Bost pelikulako soinu bandak joko dituzte Udal Musika Bandako kideek. Horrelako emanaldi bat egiten duten lehen aldia da, eta "esfortzua eta lana" eskaini dizkiote musikariek ekitaldiari. Bost bakarlarik joko dute igandean, musika bandarekin batera: Jon Ibarzabalek, tronpetarekin; Nerea Gurrutxagak, zeharkako xirularekin; Eñaut Frantzesenak, oboearekin; Alaitz Ruizek, saxo tenorearekin eta Borja Eizagirrek, saxo altuarekin. Horiez gain, Unai Frantzesenak ere lan berezia egin du; izan ere, pelikulak editatu ditu kontzerturako.

Hauek dira antzeztuko dituzten filmak:

  • 20th Century Fox Fantare. Alfred Newman. 

Film hasierako abestia joko dute, 1933an sortua. 

  • An american in Paris. George Gershwin.

Musika sinfoniko klasikoko obra entzutetsua da, 1928an egina. Filmak sei Oscar sari irabazi zituen.

  • West side story. Leonard Bernstein.

1957an estreinatutako filmeko abestiak joko dituzte. Pelikula hori oso berritzailea izan zen bere garaian, eta hamar Oscar sari irabazi zituen.

  • Mary Poppins. Richard eta Robert Sherman.

Walt Disneyren filma, 1964an estreinatua. Pelikula horrek sei Oscar sari irabazi zituen, eta konpainiako lanik ospetsuenetakoa da.

  • Hello, Dolly!. Jerry Herman.

Broadwayko musikalean oinarritutako filma da, 1969an estreinatutakoa. Hiru Oscar sari jaso zituen.

  • Chicago. John Kader.

Musikala 1975ean estreinatu bazen ere, 2002an iritsi zen zinema aretoetara. Komedia beltzaren eta dramaren arteko nahasketa da lana. Sei Oscar irabazi zituen.