Tren museoa otso eta uso

Uztarria.eus 2014ko urr. 9a, 12:07
Duela hogei urte egin zuten museoaren inaugurazio ekitaldia.

Hogei urtetik gora, milaka bisitari eta, era berean, azpeitiar askorentzat arrotz. Urriko Uztarria aldizkarian argitaratutako erreportajea da hurrengoa.

1992ko San Sebastian egunez ireki zituen ateak Burdinbidearen Euskal Museoak Azpeitian, Urolako Trenaren estazio eta egoitza nagusi izandakoaren tokian. Orduan, estazioaren eraikin nagusia eta bulegoena izandakoa estreinatu zituzten, eraberrituta eta museo berriaren aurreneko bildumak erakusgai jarrita. Museoa gaur egun ezagutzen den moduan, ordea, 1994ko urriaren 4an jarri zuten abian, orain dela hogei urte, kotxerak, tailer mekaniko zaharra eta azpi-zentrala zaharberrituta.

1988an betirako kendu zuten Urolako Trenaren lekukoa hartu zuen museoak eta horrek hasieratik markatu zuen, neurri handi batean, azpeitiarrek egin zioten harrera. Herritar askok errezeloz hartu zuten museoa. Hala aitortu du Juanjo Olaizolak, museoa ireki zutenetik hango ardura izan duenak. Jendearen arbuioa nabarmendu izan duela dio, "eta sentimendu horiek ulertu egiten ditut, gainera. Neu ere Urolako Trenaren aldeko manifestazio guztietan egon nintzen, Zumaian, Azpeitian, Zestoan, Zumarragan, eta Gasteizera ere joan nintzen. Egia esanda, hemen Urolarekin egin zena zaila da ulertzen. Beste garai bat zen, seguru asko gaur egun ez zen trena kentzeko erabaki hura hartuko". Eusko Jaurlaritzak hartu zuen trena kentzeko erabakia, eta Jaurlaritzak erabaki zuen museoa irekitzea, Olaizola berak 1989an egindako inbentario lanaren ondoren, euskal trenbideetako ondareak horrenbesterako ematen zuela ikusita. Hogei urtetik gora joan dira museoa ireki zutenetik eta, garai hura bizi izan ez zuten gazteen pertzepzioa desberdina izan daitekeela onartuta ere, "uste dut arbuioa hor dagoela orain ere. Min hori hor dago, eta ulergarria da", dio Olaizolak.

Jose Mari Bastidak, trena itxi eta museoa abian jarri zenean Azpeitiko alkate zenak, herritarren arbuioarekin baino, daukagunari duen balioa ez ematearekin lotzen du gehiago azpeitiarren eta museoaren arteko harreman hotza. "Gauza guztiekin gertatzen da hori –dio–, kanpotik bertan baino garrantzi gehiago ematen zaiela. Begiratu, bestela, Loiola. Azpeitikoa punta-puntako museoa da, dagoen tren museo onenetakoa".

Alkate ohiak badaki, ordea, Urolako Trena kentzea "trauma bat" izan zela Azpeitian eta bailaran. "Trauma hori nolabait zuzendu egin behar zen. Batetik, Elgoibarrerako errepide berria bultzatzeko borroka handia egin behar izan genuen. Eta museoa herrian jartzeko ere bai. Izan ere, batzuk Zumarragara eraman nahi izan zuten". Azkenaldian ere aipatu da museoa Azpeititik beste herri batera eramatearen asmoa ba ote dagoen. Olaizolak halakorik ez dagoela dio, eta Bastidak ere oso zail ikusten du aukera hori.

Borrokatu beharreko bestea Azpeititik Lasaorako trenbidea berreskuratzearena izan zen. Museoa ireki zutenean, Azpeititik Loiolarako zatia zen kendu gabe zegoen trenbide zati bakarra eta hura hasi ziren erabiltzen, lurrunezko trenaren hasierako bidaietan. Baina Marcial Ucin lantegia handitzea onartu eta trenbiderik gabe gelditu ziren. Jaurlaritzak Lasao aldera berria jartzeko gogo handirik ez, baina lortu zuten egitea, azkenean.

Handitzea komeni, baina...

"1994an kotxerak inauguratu genituenean, gogoan daukat nola ekarri behar izan genuen orduan oraindik zerbitzuan zegoen Eusko Trenen tren turistikoa, espazioa pixka bat betetze aldera. Hurrengo egunean berriro Bilbora eraman zuten. Orain, berriz, ez daukagu lekurik". Horrela azaltzen du Juanjo Olaizolak museoaren gaur eguneko erronka handienetakoa: toki falta. 70 ibilgailu inguru dituzte, gehienak zaharberrituta, baina badituzte berritu beharreko batzuk ere, eta hor dute beste koska: diru falta. Bi erronka horiei aurre egitea dute epe motzerako asmoa. Urtean 30.000 bat bisitari izaten ditu museoak.