Ilazki Lili: "Ikastaroa etxean dugun arropa aprobetxatzen ikasteko da baliagarria"

Uztarria.eus 2014ko urr. 13a, 11:46

Udaleko Gazteria Sailak 'Arropei bizi berria ematen' ikastaroa jarriko du martxan urrian. Hilaren 22tik abenduaren 10era bitartean izango dira saioak, asteazkenero. Bertan armarioan bazter batean utzita ditugun arropa horiek berreskuratzen saiatuko gara, Ilazki Lili arropa diseinatzailearen laguntzarekin.

Zer da urrian martxan jarriko den 'Arropei bizi berria ematen' ikastaroa?

Ikastaro hau etxean dugun arropa aprobetxatzen ikasteko da baliogarria. Askotan, erabiltzen ez dugun arropa izaten dugu armairuan gorderik, bakoitzak bere arrazoiagatik (gustuko ez duelako, handiegi edo txikiegi duelako, grazi gutxikoa delako, propagandakoa delako...) baina inongo erabilerarik ematen ez diogun arropa. Ikastaro honetan arropa hauei erabilpena ematen saiatuko gara. Handiegi dugun gona luze horren oihala aprobetxa dezakegu, kamiseta sinpleena pertsonalizatu, oihal zatiak josiz zerbait berria sortu, bolatxoekin apaindu... Buruari buelta batzuk eman eta seguru zerbait polita irtengo dela! Erabiltzen ez ditugun gauzei bizi berri bat eman ahalko diogu, zerbait pertsonala sortuz. Gure irudimenetik irtendakoa izango da azken emaitza.

Zeintzuk dira ikastaroaren helburuak?

Batetik, irudimena martxan jartzea. Jantzi bat hartu eta nola apaindu dezakegun pentsatuko dugu, edo berarekin bestelako zer arropa edo osagarri berri sor dezakegun imajinatu. Bestetik, dirurik gastatu gabe, edo oso gutxi gastatuta, gauza berriak sortzea posible dela ikusiko dugu.

Adibide bat jartzerik bai?

Esate baterako, zapi batekin gona bat egin dezakegu, erabiltzen ez dugun kamiseta pintatu edota tela zatiekin apaindu ere egin daiteke. Soineko batekin kamiseta bat egitea badago, edota galtzekin poltsa bat. Bota batzuk hartu eta lokarri, bolatxo eta xehetasun ezberdinekin apaintzea ere badaukagu.

Nori zuzenduta dago ikastaroa? Eta, noiz izango da?

Irudimena martxan jarri eta arropa zein osagarri berriak sortu nahi dituen edonori dago zuzenduta ikastaroa. Gaztelekuan izango dira saioak, astean behin, asteazkenetan, 18:30etik 20:30era. Urriaren 22an hasiko da ikastaroa eta abenduaren 10ean amaitu.