Harremanak euskaraz izan daitezen eskatu die Udalak Aldundiari eta Jaurlaritzari

Uztarria.eus 2014ko urr. 13a, 17:05
Kontxita Martija Euskara zinegotzia eta Mari Jose Iturria Hezkuntza zinegotzia.

Eskaera, normalizazioaren bidean, "pauso txikia" dela adierazi du Kontxita Martija Euskara batzordeburuak, eta nabarmendu du benetako erronka "euskaraz lan egitea" dela. Udalak ez du erakundeen erantzuna jaso, oraindik.

Azpeitiko Udalak gutun bidez eskatu die Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari beraien arteko harremanak euskaraz izan daitezen. Erakundeak ez du jaso erantzunik, oraingoz, baina Kontxita Martija Euskara batzordeburuak adierazi duenez, "administrazioa euskalduntzeko bidea jarraitzen" ari da Udala.

Euskararen normalizazioaren baitan, eskaera "pauso txikia dela" esan du Martijak; izan ere, "euskaraz lan egitea" da Udalaren benetako erronka. Haren arabera, Azpeitia "udalerri euskalduna" da, eta horri erantzunez, euskaraz funtzionatzen duen Udala da Azpeitikoa. UEMAko beste udalerri batzuen gisara, harremanak euskaratzeko lanean ari da Azpeitikoa. Hori dela eta, udalerriko erakundeak eskatu du, aurrera begira, pauso horiek betetzeko konpromisoa har dezaten Aldundiak eta Jaurlaritzak.

Bestalde, Euskara zinegotziak nabarmendu du euskararen sustapenean Udalak izan behar duela eredu enpresentzat eta herritarrentzat: "Zenbat eta udal gehiago izan euskaraz lan egiten dugunak, orduan eta errazagoa izango da maila guztietan euskaraz jardutea".