Azpeitiko kirol elkarteetan izena eman duten herritarretatik %33,22 dira emakumeak

Uztarria.eus 2014ko urr. 14a, 14:56
Kirol elkarteetako parte hartzaileak, zifretan.

Iraurgi Saskibaloi Taldean, Izarraitz Igeri Elkartean eta Loretoki Gimnasia Taldean emakumeak gizonak baino gehiago dira. Bestalde, Xaputarrak Xake Taldean, Ilunpe Pilota Elkartean eta Lagun Onak Txirrindulari Elkartean izena eman duten guztiak gizonak dira. Kirol elkarteetako ordezkariek, oro har, ideia bat nabarmendu dute: emakumeak "babesteko" joera dute herritarrek.

Herritar askok, kirol elkarteetan izena eman dute dagoeneko. Izan ere, irailean eta urrian hasi ohi dira lanean taldeak. Uztarria.com-ek denboraldiko inskripzio bidez funtzionatzen duten elkarteetako ordezkariekin hitz egin du, ikasturte berriko zifrei buruz eta genero ikuspegiaren inguruan.

Herrian, kirol elkarte gehientsuenetan daude emakumeak, baina, oro har, gizonak baino gutxiago dira. Hain zuzen, kirol elkarteetan izena emandako pertsonen %33,22 dira emakumeak; eta %76,78, beraz, gizonak. Emakume gehien dituen taldea Iraurgi Saskibaloi taldea da, 184 pertsonekin; eta gizon gehien dituena, Lagun Onak Futbol Taldea 330 pertsonekin.

Ehunekoei erreparatzen badiegu, Loretoki gimnasia taldeak du emakumeen portzentaje altuena, %100ekin; gizonetan, berriz, Ilunpe Pilota Elkarteak, Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak eta Xapurarrak Xake Taldeak, horiek ere %100ekin.

Bestalde, zenbait kirol elkartek lortu dute bi generoen arteko oreka mantentzea izen emateei dagokienez: Iraurgi Sakibaloi Taldeak eta Xeye Atletismo taldeak. Sakibaloi taldeak 184 emakume eta 168 gizon ditu izena emanda; portzentajeetan, %52,27 emakumeak dira, eta %47,73 gizonak. Xeyek, berriz,  26 emakume eta 29 gizon ditu; %47,27 dira emakumeak, beraz.

Hemen datuak jasotzen dituen taula:

Kirol taldeen ikuspegia

Aipatu behar da kirol guztiak desberdinak direla, eta gizarteak ere desberdin ikusi ohi dituela. Oraindik ere badira trabak eta aurreiritziak herritarren artean. Hala azaldu dute Lagun Onak Futbol Taldeko ordezkariek. Haien hitzetan, futbola ez da ikusten "emakumeentzako moduko" kirola bezala: "Aske izatea ez da hautatzeko aukera izatea soilik, gizartearen ikuspuntuak dena mugatzen du", azaldu dute.

Futbol Taldeko kideen hitzetan, oraindik, kirol batzuk gizonentzat ikusten dira; haien artean daude pilota, txirrindularitza eta futbola. "Emakumeak ez ditugu irudikatzen kirol gogorrak egiten, babestu egin nahi ditugu: euriagatik, nekeagatik, katarroengatik… mutilak, ordea, errazago bidaltzen ditugu euripean entrenatzera. Jendeak dio gauzak aldatu direla, baina oraindik txipa aldatzeko pausoak egin behar ditugu". Lagun Onak Futbol Taldeak jada hiru talde ditu emakumeen futbola sustatzeko. Esan dutenez, futbolari jarraipena emateko "katea" egitea lortu dute, futbol eskolatik hasi eta kadeteak arte.

Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko Gorka Agirrek ere ulertzen du herritarrak, oro har, kezka izaten dutela beraien seme-alabak errepidera irteten direnean: "Kiroldegian daudenean, errazagoa da lasai egotea, baina bizikletarekin errepidean daudenean, agian, gehiago kezkatzen dira. Hori mutilekin eta neskekin gertatzen da, baina, batik bat, nesken gurasoekin".

Txirrindularitzaren kasuan, udalerri gehienetan egoten dira emakume gutxi; horregatik, herrialde mailako taldeak egiten dituzte. "Talde horiek egutegia errespetatzen dute, eta aukera dute txirrindulariei behar duten arreta eta baliabideak eskaintzeko. Hara joan ohi dira emakumeak, beraientzat egoera hobea dutelako". Hala ere, Agirrek nabarmendu du Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko ateak irekita daudela emakume guztientzat: "Guk ez diogu inoiz inori atea itxi. Gainera, beste taldeetara joaten diren emakumeek ere entrenatu izan dute, eta entrenatzen dute gurekin. Ez dago arazorik: denok gara taldea".

Ilunpe Pilota elkartekoek, txirrindulariek bezala, ez dute emakumerik taldean. Joan den urtean, bi ibili ziren, baina denboraldi honetan, oraindik, ez du inork izena eman. Gizonezkoen kopura, poliki-poliki, gorantz doala azaldu du Joanes Otamendi zuzendaritzako kideak. Hala ere, orain artean, ez dute ezer pentsatu neskak kirol horretara erakartzeko: "Hori bai, gure mezua zabala da, edonork jokatu dezake gurekin", azaldu du Otamendik.

Arazo bera dute Xaputarrak Xake Taldeko kideek, eta jarrera bera erakutsi dute: irekitasuna, ateak edonori zabaltzeko prestutasuna. "Zenbait gazte etorri izan dira gugana, xakean ikastera, eta haien artean, neska bat", jakinarazi du Iñaki Uranga ordezkariak. Hala ere, nabarmendu du "zoritxarrez" ez dutela neskarik taldean, nahiz eta gustatuko litzaieken emakumeak ere animatzea.

Gehiegi babestuta?

Herriko talde guztiek dituzte emakumeentzat ateak irekita. Hala azaldu du, adibidez, Kimura Judo Taldeko Amaia Goenagak. Haren arabera, neskek errazago ematen dute izena haurrak direnean, eta alde horretatik badirudi  kirolaren "rol maskulinoa" galtzen ari dela, apurka-apurka. Hala ere, Goenagak jakinarazi du gurasoek garrantzia dute seme-alabek kirol bat ala bestea hautatzerakoan, eta oraindik ere "emakumea babesteko joera" dutela. Kimuran, ordea, sexu guztientzako pertsonentzat eskaintza bera egiten da, eskolak ere batera izaten dira, eta gizon eta emakume guztiak nahi dituzte animatu defentsa kirola probatzera.

Karate Taldeak ere emakumeen falta sumatzen du elkartean. Esteban Larrañaga taldeko ordezkariaren hitzetan, oraindik pertsona askok "agresibitatearen" ideiarekin lotzen dute karatea; eta horrek, agian, kalte egin diezaioke kirolari. "Zabalduta dago gure gizartean neskak ondo zaindu behar direla. Hala ere, gauza bat garbi utzi nahi nuke: karatea ez da borroka egitea, kirola da, nortasuna indartzeko balio duen kirola", nabarmendu du. Larrañagak dioenez, duela urte batzuk emakume gehiago ibiltzen ziren karatean, baina gutxinaka behera egin du zifrak.

Karate taldeak eta Ikasberri Kirol Elkarteak antzeko zifrak dituzte emakumeei dagokienez. Ikasberri Kirol Elkarteak hiru kiroletan hartzen du parte: futbolean, krosean eta palazko pilotan. Gaur egun, emakumeen talde bat dute futbolean, jubeniletan. Ikasberriko ordezkariak esan du elkartearentzat "pozgarria" izan zela emakumeen taldea sortzea. Hala ere, nabarmendu du ez dela lan erraza: "Ez da taldea sortzea bakarrik, talde hori gidatzeko jendea behar duzu, eta zaila da kontua". Aurten talde bat dute, baina gehiago ere egon izan dira Ikasberrin. Ordezkariek jakinarazi dutenez, beraiek lanean jarraituko dute, emakumeen kirola ere bide onetik joan dadin. "Kirola egiteko eta kirolaz gozatzeko gunea da Ikasberri, eta gizonentzat bezala, emakumeentzat ere irekita dago", esan dute.

Bestalde, Sokaitz Eskalada Elkartea talde hasiberria da, baina zenbait emakumerekin ekin diote ibilbideari. Zuzendaritzako kideek tinko adierazi dute sexu guztientzako dagoela irekita beraien lokala, eta jada izena eman dutela zenbait emakumek. "Eskaladaz gozatzeko gogoa duen guztia gonbidatuta dago hona", esan dute.

Orekaren ereduak

Generoari dagokionez, Azpeitian, oreka mantentzen duten bi talde daude: Iraurgi Saskibaloi Taldea (%52,27 dira emakumeak) eta Xeye Atletismo Taldea (%47,27 dira emakumeak). Saskibaloi Taldeari dagokionez, Maier Lizaso lehendakariak esan du "lan handia" egin dutela herritarrak saskibaloira gerturatzeko. Hala ere, beraien arabera, lana "berdina" izan da gizonen eta emakumeen kasuan. "Guk ez ditugu banatzen neskak eta mutilak, eta bi sexuetako jokalariak ahalik eta ondoen zaintzen ditugu", nabarmendu du Lizasok. Haren arabera, Iraurgi multikirolaren alde dago; eta, hasieran behintzat, kirola aisiarekin lotzea da beraien helburua: "Saskibaloia ere proba dezatela, eta goza dezatela jolasten. Jokalariengatik egiten dugu lana, eta haiek gustura egotea nahi dugu".

Xeye Atlestismo taldeak ere aukera du emakumeekin eta gizonekin, modu orekatuan, lana egiteko. Egoitz Arruti Xeyeko kideak adierazi duenez, azken urteetan egin du gora nesken izen-emateak, batik bat, gaztetxoenetan. "Gaur egun, gizonek baino emakume gehiagok ematen dute izena; gizon gehienak beteranoak dira, horregatik mantentzen dute zifra". Adibidez, Arrutik azaldu du infantiletan, 25 neska daudela, eta mutila, bakarra. Horrez gain, esan du "kopuru aldetik ez ezik, kalitate aldetik" ere irabazi duela emakumeen kirolak, atletismoan, behintzat. "Azpeitian maila oso ona dute emakumeek", esan du. Arrutiren arabera, jendeak atletismoa kirol gisa hautatzeko arrazoietako bat izan daiteke ez dela "derrigorrezkoa" lehiaketetan parte hartzea, eta entrenamenduak "oso malguak" direla; neskentzat zein mutilentzat.

Beste zenbait, gizon faltan

Herrian, Loretoki Gimnasia Taldea da gizonik ez duen elkarte bakarra. Ariane eta Eiharne Aginagaldek azaldu dutenez, kirola "neskentzako” egina da, eta beraiek eskaintza zabaltzerakoan sexua zehazten ez badute ere, orain artean mutilek ez dute parte hartu. Azken urteetan, ez dute gizonen arloa landu; izan ere, beraiek "kirol femeninoa" bezala ikusi dute gimnasia erritmikoa. "Ez dizkiegu ateak itxi mutilei, baina oraindik ez dugu pentsatu nola jokatuko genukeen baten batek izena emango balu", adierazi dute.

Izarraitz Igeri Elkarteak, berriz, mutilen beharra du, hala adierazi du Aitzol Agirregomezkorta entrenatzaileak. Izan ere, haurrak direnean kopuruak parekatuak izaten diren arren, 10 urtetik aurrera mutilek igeriketa lagatzen dute, beste kirol batzuengatik. Neskek, aldiz, jarraitu egiten dute igerian. Horrenbestez, gaur egun, Izarraitzen helburua 10 urtetik gorako mutilak kirol horretan "jarraitzea" da, neskek egiten duten bezalaxe. "Hala ere, pozik gaude, kirola goraka doa, eta emakumeek zein gizonek ondo erantzuten dute", esan du Agirregomezkortak.

Kirol elkarteen azalpenak bilduta, ikus daiteke gizarteak, oraindik, neskak eta emakumeak babesteko joera duela. Ohitura hori nahi gabekoa izan daiteke, baina barnean daramate herritarrek. Izan ere, emakume gehien dituzten taldeek instalazio estalietan egiten dituzte entrenamenduak eta lehiaketak. Norberak pentsa dezake zer begiekin ikusten duen egoera.