Ideia eta proiektu ekintzaileak diruz lagunduko dituzte

Uztarria.eus 2014ko urr. 15a, 14:16
Azpeitiko eta Azkoitiko udaletako eta Iraurgi Berritzeneko ordezkariak.

Ekintzailetasuna sustatzeko diru-laguntzak jarri dituzte abian eskualdeko udalek eta Lanbidek. Ideia edo proiektu ekintzaileak dituzten herritarrek hilaren 20tik 26ra aurkeztu beharko dituzte horiek Azpeitiko udaletxean, eskatutako dokumentuekin batera.

Ekintzailetasuna sustatzeko diru-laguntzak jarri dituzte abian eskualdeko udalek, Azpeitiko Udalak tartean, eta Lanbidek. Azpeitiko langabezia tasa %14koa zen irailean, eta laguntza horiekin "langabezia tasa jaisten lagundu nahi" dutela azaldu du Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak.

Proiektu edo ideia ekintzaileak dituztenentzako dira laguntzak, eta onuradunen kopurua mugatua izango da. Batetik, bost ideia ekintzaile lagunduko dituzte diruz, eta bukatzea edo gauzatzea soilik falta diren sei proiektu ekintzaile, bestetik. Diru-laguntzen onuradunak adinaren arabera banatu dituzte: 25 urtetik beherakoak eta 25 urtetik gorakoak.

Ideia nahiz proiektu ekintzaileak eskuartean dituztenek hilaren 20tik 26ra (26ko 14:00ak arte) aurkeztu beharko dituzte horiek Azpeitiko udaletxean. Gero, hilaren 29a bitartean aztertuko dituzte ideiak eta proiektuak, eta hilaren 30ean hasiko dira proiektuekin martxan. Informazio gehiago behar dutenek Iraurgi Berritzenera edo udaletxera jo beharko dute.

Hemen ideiak edo proiektuak egiteko diru-laguntzak jasotzeko bete beharreko irizpideak, eta ekintzaileek eskaera egiterakoan aurkeztu beharko dituzten dokumentuen zerrenda:

Ideia ekintzaileak dituztenek bete beharreko balintzak: 

  • Langabezian egotea.
  • EAEn erroldatuta egotea.
  • Autonomo moduan aritu gabea izatea eta jarduera ekonomikoaren zergan alta eman gabe egotea.

Honako dokumentuak aurkeztu behar dira udaletxean:

  • Ideiaren azalpena orri batean idatzita.
  • NANaren kopia.
  • Langabeziaren ziurtagiria.
  • Curriculum Vitae-a.

25 urtetik beherako herritarrek sortutako lau ideia lagunduko dituzte diruz, eta horiek 2.000 euro jasoko dituzte. 25 urtetik gorakoen kasuan, berriz, proiektu bat lagunduko dute, eta 1.500 euro jasoko ditu ideiaren egileak.

Proiektu ekintzaileak dituztenek bete beharreko baldintzak:

  • Langabezian egotea.
  • EAEn erroldatuta egotea.
  • Autonomo moduan aritu gabea izatea eta jarduera ekonomikoaren zergan alta eman gabe egotea.

Honako dokumentuak aurkeztu behar dira udaletxean:

  • Ideiaren azalpena orri batean idatzita.
  • NANaren kopia.
  • Langabeziaren ziurtagiria.
  • Curriculum Vitae-a.
  • Proiektuaren bideragarritasun plana.

Kasu honetan, 25 urtetik beherako herritarrek egindako lau proiektu lagunduko dituzte diruz, eta horiek 2.000 euro jasoko dituzte. 25 urtetik gorakoen kasuan, berriz, bi proiektu lagunduko dituzte, eta 1.500 euro jasoko dituzte proiektuen egileek.