Azpeitiko bost bikotek parte hartuko dute Euskal Herriko Dantza Suelto txapelketan

Uztarria.eus 2014ko urr. 15a, 17:15

Lehiaketa zapatuan jokatuko dute, urriaren 18an, 18:00etan. Irabazleek 700 euro, oroigarria, txapela eta lepokoa, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak emandako garaikurra eta lau bidaia irabaziko dituzte, eta Nestor Basterretxearen eskultura beraien herriko Udalean gordeko dute, datorren urtea bitartean.

Azpeitiko bost bikotek parte hartuko dute XXXVIII. Euskal Herriko Dantza Suelto txapelketan, datorren larunbatean. Lehiaketa 18:00etan jokatuko dute, Segurako (Gipuzkoa) Baratze pilotalekuan. Honakoak dira izena eman duten Azpeitiko dantzariak:

  • Joritz Galarraga eta Laura Olaizola.
  • Amets Amubieta eta Maialen Aldalur.
  • Asier Ibarguren eta Garazi Gurrutxaga.
  • Jon Ander Iriondo eta Libe Lizaso.
  • Mikel Subinas eta Maite Beobide.

Irabazleek 700 euro, oroigarria, txapela eta lepokoa, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak emandako garaikurra eta lau bidaia irabaziko dituzte. Bestalde, Nestor Basterretxearen eskultura beraien herriko Udalean gordeko dute, datorren urtea bitartean.

Bigarren postuan gelditzen direnek 500 euro eta oroigarria irabaziko dituzte. Hirugarrenek, berriz, 400 euro eta oroigarria jasoko dituzte. Horiez gain, beste sari batzuk egongo dira:

  • Dantza jantzien saria: 200 euro.
  • Segurako bikote onena: oroigarria.
  • Lurralde bakoitzeko bikoterik onena: Foru Aldundiaren Saria.
  • Txapelketara lehen aldiz aurkeztutako bikoterik onena: Guillermo Areizaga saria.
  • Sarituak ez diren bikoteak: 200 euro bikoteko.
  • Finalerako sailkatu ez diren bikoteak: 100 euro bikoteko.

Jon Ibarguren ez da txapelketan izango

Jon Ibargurenek eta Idoia Besadak ez dute parte hartuko aurtengo Euskal Herriko Dantza Sueltoko txapelketan. Hainbat aldiz izan dira dantzariak txapelketan, eta 2011n zein 2012an irabazi dute lehiaketa. Aurtengoan, bikotea ez da Seguran izango.