Baigerak Doneztebera antolatu duen ibilaldian izena emateko epea bihar amaituko da

Uztarria.eus 2014ko urr. 15a, 20:46

Urriaren 23an da ibilaldia. 8:30ean irtengo dira herritik, eta 19:30ak inguruan itzuliko dira. Baigerako bulegoan eman daiteke izena, 10:30etik 12:30era.

Baigera jubilatuen elkarteak urriaren 23rako Doneztebera (Nafarroa) antolatu duen ibilaldian izena emateko azken eguna da biharkoa, osteguna. Horretarako, Baigerako bulegora joan daiteke 10:30etik 12:30era. Txangoaren prezioa 30 eurokoa da.

Urriaren 23an, ostegunean, izango da ibilaldia. Parte-hartzaileak San Martin aurrean bilduko dira, 8:30ean. Oiartzunera (Gipuzkoa) joango dira autobusez, eta handik hasiko da ibilaldia: Oiartzun, Arantza (Nafarroa) edo Igantzi (Nafarroa) igaroko dituzte, besteak beste, Elizondora (Nafarroa) iritsi bitartean. 14:00ak inguruan, Donezteben bazkalduko dute, eta ondoren, Irunen (Gipuzkoa) geldialdia egin ostean, Azpeitira itzuliko dira. Baigerak adierazi duenez, hamarretakoa norberak eraman behar du, nahiz eta edatekoaz elkartea arduratuko den.

Mendi ibilaldia Hirukurutzera

Karakate Mendikurutzera ere ibilaldia egingo du Baigerak, larunbatean, urriaren 18an. Bergara (Gipuzkoa), Martirieta (Azkoitia, Gipuzkoa) eta Urrategi (Azkoitia, Gipuzkoa) bezalako lekuetan ibiliko dira. Dagoeneko itxita dago izen-emate epea, baina inskripzioa egin dutenak San Martin egoitza aurrean egon beharko dute 8:00etarako.