Salmenta puntuen diagnostikoen inguruko tailerra antolatu du Bertanek

Uztarria.eus 2014ko urr. 16a, 13:51

Ikastaroa urriaren 23an izango da, 14:30etik 16:30era, Sindikatu Zaharrean. Parte hartu nahi dutenek asteartea izango dute izena emateko azken eguna.

Bertan Merkatari Elkarteak salmenta puntuen diagnostikoa izenburupean tailerra antolatu du datorren ostegunerako. Urriaren 23an izango da, 14:30etik 16:30era bitartean, Sindikatu Zaharreko areto nagusian.
 
Ikastaroan parte hartzeko aurrez izena eman behar da. Urriaren 21a, asteartea, da horretarako azken eguna, eta bertan.azpeitia@gmail.com helbidera idatzita 943 02 56 73 telefonora deituta egin behar da inskripzioa.
 
Ikastaroaren helburua da merkataritza kudeaketa hobetzeko jarraibideak lortzea, adibide errealetatik abiatuta. Modu horretan, merkatariak bere dendaren puntu sendo eta ahulak identifikatu ahal izango ditu. Gainera negozioen zazpi gako landuko dituzte: merkataritzaren ezaugarri orokorrak, merkataritza-ingurunea, erakargarritasun eta konpetentzia faktoreak, dendaren kanpoko irudia, dendaren barneko irudia, salmenta puntuaren kudeaketa, marketing-a eta komunikazioa eta merkataritza-politika eta kudeaketa finantzaketa.