Bi fasetan egingo dituzte plaza eraberritzeko lanak eta zortzi hilabete iraungo dute

Uztarria.eus 2014ko urr. 16a, 13:55
Hasi dira plaza eraberritzeko lanekin.

Lanak datorren urteko ekainean amaitzea aurreikusten dute. Hainbat neurri hartu ditu Udalak plazako lanak martxan diren bitarterako. Azokako postuetan, plazako aparkalekuetan eta Done Jakue kaleko aparkalekuetan eragingo dute lanek.

Hasi dituzte plaza eraberritzeko lanak. Altuna y Uria eraikuntza enpresak egingo du obra, eta bi fase izango dituzte lanek. Abian da aurreneko fasea, eta plazako hoditeria egokitzen ari dira dagoeneko. Ondoren, hormigoi laua jarriko dute plazako zoruan, eta santotomasetarako bukatuko dute lur hori jartzea. Aritz Epelde zinegotziak azaldu duenez, "santotomasetako postuak jartzeko ez da arazorik izango, eta ohiko moduan jarriko dira".

Errege ostean helduko diete lanei berriz ere, eta lur berria sansebastianen ostean jarriko dute, Berdura Plazatik udaletxe aldera hasita. Epeldek esan duenez, Karnabaletako sokamuturrari eragin dakioke zorua jartzeko lanak martxan izateak.

Jarraipen batzordea arduratu da galdeketaren ostean plaza eraberritzearen inguruan hartu beharreko erabakiez. Batzordeak eskatu zuen Irudika estudioak proposatutako adokina ez jartzea, "pertsona helduen eta ezinduen irisgarritasun arazoak tarteko". Hori dela-eta, lehenengo proiektuaren, Bi RG estudioaren, eta Irudikak egindakoaren arteko nahasketa izango da plazako zoru berria. Baldosa lauak jarriko dituzte lurrean, eta plazaren ertzetan harri zabalagoa jarriko dute.

Lanek zortzi hilabete iraungo dute eta 2015eko ekainean bukatzea espero dute. 730.000 euroko aurrekontua du Udalak. Horietatik 100.000 euro Ur Kontsortzioak ordainduko ditu.

Hainbat neurri

Plaza berritzeko lanek herritarrei eragingo dizkien oztopoen eta traben aurrean neurri batzuk hartuko ditu Udalak. Lanak martxan diren bitartean plazako aparkamenduak galduko dira, eta haien ordez, Artetxe hotelaren aurrean, Alberdineko etxea dagoen tokian (bota egingo dute etxea), aparkalekua egingo du Altuna y Uriak. Eraikuntza enpresak berak proposatu dio Udalari aparkalekua han egitea, plaza eraberritzeko aurrekontuarean barnean.

Bestalde, astearteetako azokan postuak plazan izaten dituzten merkatariek lekuz aldatu beharko dute. Done Jakue kalean jarriko dituzte euren postuak, eta hango aparkalekuetan ezingo dira utzi autoak astelehenetako 17:00etatik astearteetako 10:00ak bitartean. Hori dela eta, ordu tarte horretan doakoa izango da Soreasuko lurpeko aparkalekua. Behin astearteko 10:00etatik aurrera, aurreko egunetik autoa han dutenek ohiko tarifa ohiko tarifa ordaindu beharko dute: 0,5 euro orduko.

Kioskoa gero

Plaza eraberritzearen inguruko herri galdeketan plaza berrituak kioskoa izan behar zuen ala ez ere galdetu zuen Udalak. Bozka eman zuten herritarren %59,67k egin zuen kioskoa mantentzearen aldeko hautua, hots, 2.132 lagunek.

Kiosko berriaren gaineko azterketa eta proiektua egiten ari da Irudika estudioa, bertako Maider Olaizola arkitektoak egindako proiektua izan zen eta bozkatuena. Behin proposamena bukatutakoan zabalduko dute kioskoa berritzeko lanak egiteko lehiaketa.

Eragileekin bilerak

Lanek gehien eragingo dieten eragile eta herritarrekin bilerak egingo ditu asteotan Udalak. Plazako lanen inguruko azalpenak emango dizkie haiei.