Lapatx 2015eko apirilean itxiko dutela berretsi du Martin Garitanok

Uztarria.eus 2014ko urr. 16a, 14:59

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak agerraldia egin du gaur, osteguna, Zarauzko Urteta zabortegian, eta hura 2014ko abenduan itxiko dela argitzeaz gain, Lapatx 2015eko apirilean eta Beasaingo Sasieta 2015eko abenduan itxiko dituztela berretsi du.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak agerraldia egin du gaur, osteguna, Zarauzko Urteta zabortegian. Han jakinarazi du Urteta aurtengo abenduaren 23an itxiko dutela, eta Azpeitiko Lapatx eta Sasieta ixteko datak berretsi ditu. Horrenbestez, Lapatx 2015eko apirilean eta Beasaingo Sasieta 2015eko abenduan itxiko dituzte. 

"Gipuzkoa berrian itxi egingo ditugu zabortegi kutsakorrak", azaldu du Garitanok. "Albiste ona da gipuzkoar guztiontzat, hondakinak kudeatzeko eredu garbi eta iraunkorra dugulako Gipuzkoan", gaineratu du. Ahaldun nagusiak esan du, "birzikla daitekeen guztia birziklatzeko ahaleginean" datzala Gipuzkoako ereduak: "Horregatik sustatzen ditugu gaikako bilketa sistema eraginkorrak eta konpostajea. Horregatik tratamendu mekaniko biologikorako planta eraikiko dugu Zubietan". Horrez gain, adierazi du Gipuzkoa berrian ez duela tokirik "osasun publikoa arriskuan jar dezakeen errauste planta toxikoek": "Errasute planta iragana da Gipuzkoan".