Azpeitiko hamaika gidari izango dira XXXII. Urrakiko Igoeran

Uztarria.eus 2014ko urr. 16a, 17:54
XXXII. Urrakiko Igoerako antolatzaileak eta parte-hartzaileak.

Igandean izango da lasterketa, 10:00etatik aurrera. 70 gidarik eman dute izena, eta lehia estua aurreikusten da. Urtero bezala, 6,7 kilometroko ibilbidea egin beharko dute parte-hartzaileek.

XXXII. Urrakiko Igoera jokatuko dute igandean, hilaren 19an, eta herriko hamaika gidari lehiatuko dira lasterketan. Parte-hartzea "izugarria" izango dela adierazi dute antolatzaileek; izan ere, aurtengoan, 70 gidarik parte hartuko dute igoeran. Gainera, igandekoa izango da Mendiko Euskal Herriko Txapelketarako puntuatzen duen azken proba. Beraz, lasterketa garrantzitsua ikusi ahal izango da urrakiko errepideetan.

Michael Cid antolatzaileak esan du kantitate aldetik ez ezik, kalitate aldetik ere igoera berezia izango dela aurtengoa. Esate baterako, BMW-en arteko guda "oso ona" izango dela adierazi du. Bestalde, berritasun bezala Mini batek parte hartuko du igoeran, eta hari bereziki erreparatzeko eskatu dute Gulf-eko eta BMW-ko babesleek.

Igoera igandean, 10:00etan, hasiko da. Hala ere, larunbatean autoak ikusteko aukera izango da Sanjuandegiko epaitegiaren ondoan. Izan ere, 15:00etatik 20:00ak arte, han izango dituzte autoak, egiaztatze lanak egiteko.

Antolatzaileek adieraz dutenez, oraindik ez dago faborito garbirik, eta "joko handia" emango du probak. CM ibilgailuei dagokienez, Pantxo Egozkue, Silver Car S2 autoarekin, eta Joseba Iraola, Demoncarrarekin, aipatu dituzte, besteak beste. Turismoetan nabarmendu dituzte Aitor Ramirez (BMW 320ST) eta Markel Cestafe (Mitsubishi EVO V). Eta formula libreko ibilgailuei dagokienez, Iñaki Alberdi azpeitiarra, Ford Escort MK-II-arekin, edo Ander Corcuera, VW Golfarekin, gogoratu dituzte.

Honakoak dira proban parte hartuko duten azpeitiarrak eta beraien autoak:

  • Joxe Labaka, Mitsubishi EVO V-arekin.
  • Iñaki Alberdi, Ford Escort MK-II-arekin.
  • Ibon Otaegi, BMW M3-arekin.
  • Garikoitz Zubizarreta, Peugeot 205 Maxiarekin.
  • Jon Arregi, Abarth Punto EVO-arekin.
  • Jon Aiertza, BMW 325i-arekin.
  • Iban Ibarreta, BMW 325i-arekin.
  • Gorka Otaegi, BMW 325i-arekin.
  • Julen Etxeberria, BMW 328 E36-arekin.
  • Ekain Otaegi, Ford Escort RS2000-rekin.
  • Arkaitz Blanco, Peugeot 205 GTI-arekin.

Iñaki Alberdi gidariaren ustez, "igoera politenetakoa" da Urrakikoa, eta gidari gehienek dute gustuko. "Behean zabala eta azkarra da, baina Altzarte igurutik gora hasten da zatirik zailena. Ibilbide hori ona da guretzat, herrikoentzat, eta uste dut hor atera dezakegula abantaila. Igoera ere, ziur aski, hor erabakiko da".

Joan den urtean bezala, 10 euroko prezioa izango du sarrerak. Antolatzaileek eskatu dute debekatutako lekuak errespetatzeko eta mendia ez zikintzeko.