Mendiko XIX. Argazki Rallya egingo dute azaroaren 2an

Uztarria.eus 2014ko urr. 16a, 18:51

Izena egunean bertan eman behar da, Argazki Elkarteko egoitzan. 16 urtetik gorakoentzat bost euroko prezioa izango du inskripzioak, eta 16 urtetik beherakoek doan parte hartzeko aukera izango dute. 13:30ak bitartean egongo da argazkiak ateratzeko aukera.

Mendiko XIX. Argazki Rallya eta Udazkeneko XV. argazki Rallya egingo dituzte, aldi berean, azaroaren 2an, igandean, Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatuta. Egunean bertan egongo da izena emateko aukera, Argazki Elkartearen egoitzan (Perez Arregi 1, lehen solairua), 9:00etatik 9:30era.

Hortik aurrera, parte hartzaileek argazkiak ateratzeko denbora izango dute 13:30ak bitartean. Herrian hasi eta amaituko da ibilbidea, eta Izarraitz inguruan ibiliko dira argazkilariak. Izena eman nahi dutenek 5 euro ordaindu beharko dituzte, baina inskripzioa doan izango da 16 urtetik beherako parte-hartzaileentzat.

Honakoak dira lehiaketako ezaugarriak:

  • Gaiak egunean bertan emango dituzte.
  • Partaide bakoitzak 36 argazki aurkez ditzake, gehienez.
  • Rallyra txartel hutsa eraman behar da.
  • 13:30ean txarteleko argazki guztiak gordeko dituzte antolatzaileek.
  • Parte-hartzaileek azaroaren 9a bitartean aukera ditzakete beraien argazkirik onenak. Horretarako, mezua bidali beharko dute argazkiakaae@hotmail.com helbidera, honakoa zehaztuta: parte-hartzailearen izena, aukeratutako argazkiaren artxibo-izena eta gaiaren zenbakia.

Sari hauek banatuko dituzte, azaroaren 29an:

  • Lehen Saria: 180 euro eta garaikurra.
  • Bigarren saria: 150 euro eta garaikurra.
  • Hirugarren saria: 120 euro eta garaikurra.
  • Herriko lehen sailkatua: 90 euro eta garaikurra.
  • Argazkirik onena: 60 euro eta garaikurra.
  • Gazterik onenaren saria: 30 euroko txartela eta garaikurra.
  • Bigarren gaztearen saria: 20 euroko txartela eta garaikurra.
  • Hirugarren gaztearen saria: 15 euroko txartela eta garaikurra.

Azaroaren 2ko argazki rallyaren ostean, bazkaria egingo dute Lagun Onak Mendi Bazkunaren tabernan. Hara joateko, rallyan izena ematerakoan eskatu behar da lekua.