Azaro amaieran hasiko dituzte Lasaoko auzo lokal berriko lanak

Urola Kostako Hitza 2014ko urr. 17a, 11:34

Aurrez fabrikatutako eraikin bat jarriko dute, eta Azpeitiko eta Zestoako udalek finantzatuko dute.

Lasaoko bizilagunen azken urteetako eskaerari irtenbidea emango dion akordioa sinatu berri dute Azpeitiko eta Zestoako udalek. Joan den irailaren 18an Lasaoko elkarterako erabilgarria izango den aurrez fabrikatutako pabilioi bat erosi eta finantzatzeko hitzarmena sinatu zuten bi udalek. Leire Etxeberria Zestoako alkateak horren berri Zestoako azken udalbatzarrean eman zuen, irailaren 25ean. Orduan Zestoako udaleko ordezkari guztiek aho batez onartu zuten.

Hitzarmenaren berri emateko, bi udaletako ordezkariak lasaotarrekin bildu ziren bilera informatibo batean. Biltoki berria egiteko lanak azaro amaieran hasiko dituzte, eta Lasaoko haurren parkearen ondoan jarriko dute. Izan ere, auzoak jabetzan duen lur zati bakarra da.

Leire Etxeberria Zestoako alkateak azken udalbatzarrean azaldu zuenez, Lasaokoek ez dute elkarrekin egoteko eta aisialdirako ekipamendurik. Esaterako, Azpeitian 2014ko aurrekontu parte-hartzaileak osatzeko egindako dinamiketan, Lasaoko auzotarrek elkargune bat izateko aukera eskatu zuten. Lasaotarren eskaera horri erantzuna emateko, Zestoako Udalak Azpeitikoarekin hainbat bilera egin ditu.

Albiste osoa Urola Kostako Hitza-ren webgunean.