Zabortegi gehiago ez

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Gorrotxategi (Azpeitiko EAJko udal taldearen bozeramailea) 2014ko urr. 17a, 12:03

Oraindik Lapatx itxi dadin ahalegintzen ari garen bitartean, hedabide baten bidez jakin dugu Azpeititik kilometro gutxira, Zestoan, beste zabortegi bat jarri nahi digutela, horrela erabaki duelako ezker abertzaleak. Beste aukera batzuen azterketarik gabe, jendaurreko azalpen epealdirik gabe, alegazioak aurkezteko aukerarik gabe, hainbeste aldiz aipatzen dituzten parte-hartze prozesurik gabe, indarrean den foru-arauaren aurka, Batzar Nagusiei ezeren berririk eman gabe, ezer gabe, horrela, bat batean, iragartzen digute Urola bailarak beste zabortegi bat jasan behar duela.

Onartezina da. Badirudi gure bailarak, Goierrirekin batera, izan behar duela Bilduk zaborren gaian eraman duen etengabeko noraezaren eta kudeaketa kaotikoaren ordaintzailea. Eta hori gutxi balitz, Errazkin diputatua ez da batere kikildu zabortegiak ez duela kiratsik sortuko esan duenean. Hitz batean esanda, gezurretan ari da. Eta jakinaren gainean egiten du hori, gainera. Bere departamentuak hondakinentzako sistema berri horren, berak inerteen biltegia deritzon horren, eredu moduan Cerdanyolakoa (Katalunia) jarri zuen. Ba zabortegi horren inguruetan bizi direnek argi eta garbi salatu zuten zabortegi horretatik zetozen kiratsak kilometro eta erdira ere ederki usaintzen zirela. Hain handia zen haserrea, Espainiako TVE telebistako El escarabajo verde ingurumenari buruzko programak herritarren haserreak entzunez, biztanleen iritziak jaso zituela eta plastiko zurizko ehunka fardel agertu zituela, haien barruan kiratsa zerioten tonaka zaborrekin.

Zestoakoa herriko lehenengo etxeetatik 300 metro eskasera egongo da. Errazkinek badaki hori, Zestoako alkate andreak ere bai, baina orain gutxi herritarren aurrean egin duten agerraldian isildu egin dute gai hori, eta horren ordez, baieztatu dute Zestoakoak Alemaniako arautegia beteko duela, Europan zorrotzena. Hemen ere potoloena ukatzen dute; izan ere, Alemanian, Europak emandako zuzentarauari jarraituz, bere zabortegi guztiak ixten ari dira, eta erraustearen eta errefusaren balorizazio energetikoaren aldeko bidea aukeratu dute, hondakinen kudeaketan aurreratuenak dabiltzan gainerako herrialdeek egin duten moduan. Hemen Bilduk aurkako bidetik eraman nahi gaitu. Zabortegi berri eta kiratsez beteak zabalduz. Aukera horri Europak ezetz esan dio, eta guk ere ezetz esaten diogu.