Tokikoentzat gehiago, nazionalentzat gutxiago

Uztarria.eus 2014ko urr. 21a, 12:08

Eusko Jaurlaritzak pasa den astean jakinarazi zituen euskarazko hedabideentzako diru-laguntzen ebazpenak. Aurten diru-laguntzak banatzeko irizpideak aldatu ditu Jaurlaritzak eta denei eragin die aldaketak. Tokiko hedabideek diru laguntza handiagoa izango dute, eta nazionalek, berriz, gutxiago. Horren erakusle da, Berria-k, euskarazko egunkari nazional bakarrak, %14 gutxiago jasoko duela eta Uztarria Komunikazio Taldeak %68 gehiago.

Eusko Jaurlaritzak pasa den astean jakinarazi zituen euskarazko hedabideentzako diru-laguntzen ebazpenak. Urtearen bukaeran kaleratu dute zenbateko laguntza izango duen euskarazko hedabide bakoitzak. Urtero aldatzen da deialdia, eta hedabideek finantzaketa egonkortzeko eskaera egin badute ere, Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du onartu eskaria.

Aurten diru-laguntzak banatzeko irizpideak aldatu ditu Jaurlaritzak eta denei eragin die aldaketak. Batzuk diru gehiago jasoko dute eta besteek gutxiago. Orain arte "zabalkudea eta produktuaren kalitatea" aztertu izan dituzte, baina aurten "irismena" gehitu zaie horiei. Irismena neurtu dute hedabide bakoitza iritsi daitekeen herritarren artean zenbatengana iristen den kontuan hartuta, eta puntuazioaren %70 horren araberakoa izan da. Hori dela-eta, tokiko hedabide gehienek diru laguntza handiagoa jasoko dute, eta nazionalek, berriz, txikiagoa. 

Urko Aristi Tokikomeko lehendakariak (Euskal Herriko tokiko hedabideen elkartea da Tokikom, eta Uztarria Komunikazio Taldea da bazkideetako bat) tokiko hedabideek jasotako diru laguntzaren balorazio "positiboa" egin du, baina gaurko Berria egunkarian dioenez, irizpideak "findu" egin behar dira: "Beharbada, sektorean bertan hausnartu eta eztabaidatu egin beharko dugu ea irizpide horiek egokienak diren edo ez, eta, horretarako, Jaurlaritzari ere onartuko genioke elkarrizketarako borondatea".

Berriak "kolpea" hartu du ebazpenarekin. Izan ere, euskarazko egunkari nazional bakarra denak 210.000 euro gutxiago jasoko du, iaz baino %14 gutxiago. Txanponaren beste aldean daude Uztarria Komunikazio Taldea eta beste hainbait tokiko hedabide. Uztarriak iaz 14.514 euro jaso zituen Eusko Jaurlaritzatik, eta aurten %68 gehiago jasoko du, 24.554 euro (15.554 euro aldizkarirako eta 9.000 euro webgunerako, hain zuzen). Urola Kostako Hitza-k ere igoera izan du diru laguntzan, eta 6.528 euro gehiago jasoko ditu papereko ediziorako eta 2.975 euro webgunerako (Uztarria Komunikazio Taldea Urola Kostako Hedabideak S.L.ko, kideetako bat da eskualdeko beste euskara elkarteekin batera).

Zakua handitu beharra

Nahiz eta batzuk gehiago eta besteek gutxiago jasoko duten, diru kopuru orokorra bere horretan mantendu dute, eta tokiko hedabideek nahiz nazionalek bat egiten dute kopuru hori handitu behar dela diotenean. Urko Aristik hala dio Berria-n: "Zakua handitzen ez den bitartean, batzuek gehiago jasotzeko besteek gutxiago jasoko dute. Eta hori pena da".

Informazio gehiago Berria.info-n.