Agirrezabala, Etxeberria IV eta Ion 44. Binakako Erremonte Txapelketan ariko dira

Uztarria.eus 2014ko urr. 22a, 12:16
Erremonte Txapelketaren aurkezpeneko irudia.

Zapatuan hasiko da txapelketa, eta abenduaren 20an bukatuko da, finalarekin. Neurketa guztiak Hernaniko Galarreta pilotalekuan izango dira, eta binakako txapelketa denez, Agirrezabala Urrizarekin ariko da, Etxeberria IV. Etxeberria III.arekin, eta Ion Ezkurrarekin.

Sei bikotek hartuko dute parte bihar, zapatua, hasi eta abenduaren 20an bukatuko den 44. Binakako Erremonte Txapelketan. Parte hartuko duten hamabi pilotarien artean dira Igor Agirrezabala matxinbentarra, Haritz Etxeberria Etxeberria IV. urrestildarra eta Ion Etxeberria azpeitiarra.

Agirrezabala Urrizarekin ariko da, Ion Ezkurrarekin eta Etxeberria IV.a Etxeberria III.arekin. Horiez gain, Uterga Endika, Zeberio II eta Barrenetxea IV nahiz Ezkurra II eta San Miguel bikoteak ere lehian izango dira.

Zapatuan hasita azaroaren 22a bitartean jokatuko den ligaxkan denek denen kontra jokatuko dute, eta lehenbiziko postuetan sailkatzen diren lau bikoteek lortuko dute finalerditarako txartela. Finalerdiak azaroaren 29an jokatuko dira, eta hiru partidetatik bi irabazi beharko ditu abenduaren 20ko, Santo Tomas bezperako, finalean izango den bikoteak. Hernaniko Galarreta pilotalekuan izango dira partida guztiak.

Iazko txapelketa Ionek eta Utergak irabazi zuten.