Futbol festa antolatu du Azpeitia Cup-ek urtarrilerako

Uztarria.eus 2014ko urr. 22a, 13:15

Urtarrilaren 2an, 3an eta 4an I. Futbol Festa 3x3 jokatuko da Azpeitian. Bost eta hamaika urte bitarteko gaztetxoentzako da txapelketa, eta dagoeneko eman daiteke izena. Futbolaz gain, pailazoak, bertsolariak, trikitilariak, tailerrak izango dira egunotan, Iraurgi ikastetxearen atarian egokituko dituzten futbol zelaietan.

Urtarrilaren 2an, 3an eta 4an I. Futbol Festa 3x3 jokatuko da Azpeitian, Azpeitia Cup kirol elkarteak antolatuta. Bertan Urola Kostako (Azkoitia, Azpeitia, Errezil, Zestoa, Zumaia, Getaria eta Zarautz) bost eta hamaika urte bitarteko (2003tik 2009ra artean jaiotakoek) neska-mutilek hartu ahal izango dute parte.

Futbolaz gain, pailazoak, bertsolariak, trikitilariak, tailerrak izango dira egun horietan. Futbol partidak, berriz, Iraurgi ikastetxeko futbol zelaietan izango dira; belar artifizialezko bi zelai jarriko dira han. Izena eman nahi duenak Azpeitiko Halcon Bidaiaken bulegora edo Azkoitiko Plaza Berri Sport dendara joan beharko du. Azpeitia Cup-en webgunean ere eman daiteke izena, eta jokalari bakoitzak hamar euro ordaindu beharko du.

Talde bakoitza lau jokalariz osatuko dute. Baldin eta umeek taldea euren kasa osatzen badute, launaka eman dezakete izena. Aldiz, umeren bat talderik gabe bada, antolakuntza arduratuko da taldea osatzeaz. Horietatik hiru ariko dira jokatzen eta bat ordezkoa izango da. Talde mixtoak izango dira, eta partida bakoitza hamar minutukoa izango da, atsedenik gabe. Talde bakoitzak bost partida jokatuko ditu, eta jokalari bakoitzak txapelketako elastikoa eta oroigarria jasoko ditu.