Epaile ikastaroa antolatu dute Lagun Onak Futbol Taldeak eta Gipuzkoako Futbol Federazioak

Uztarria.eus 2014ko urr. 22a, 17:04

Ikastaroa doan izango da, eta azaroaren 15a da izena emateko azken eguna. Antolatzaileek azaldu dutenez, futbolean jokatzen dutenek aukera izango dute epaile-lanak eta taldeko partiduak uztartzeko.

Lagun Onak Futbol Taldeak eta Gipuzkoako Futbol Federazioak doako epaile ikastaroa antolatu dute Azpeitian. Zabalik dago dagoeneko izena emateko epea, eta azaroaren 15ean, astelehenean, amaituko da. Horretarako, hiru bide dituzte interesa dutenek: 650 35 79 53 telefonora deitzea, info@lagunonak.com helbidera idaztea edo Garmendipeko bulegoetara joatea.

Lagun Onak Futbol Taldeak adierazi duenez, futbolean jokatzen dutenek ere aukera dute ikastaroa egiteko eta epaile-lanetan aritzeko. Izan ere, klubak aukera emango du bi eginkizunak uztartzeko. Horrez gain, honako abantailak nabarmendu ditu elkarteak:

  • Futboleko arauak hobeto ezagutzea.
  • Ariketa fisikoa egitea.
  • Diru pixka bat irabaztea.
  • Gipuzkoako zelaietara doan sartzeko aukera.
  • La Perla talasoterapia instalazioetan deskontuak.
  • Zaletasuna eta heziketa uztartzeko aukera.

Bazkideen bilera, zapatuan

Bestalde, Lagun Onak Futbol Taldeko bazkideen bilera ospatuko da zapatuan, hilaren 25ean. Hitzordua 11:00etan da, Sindikatu Zaharrean. Elkarteko bazkide guztiak daude gonbidatuta, eta honako gaiak landuko dira, besteak beste: elkartearen aurrekontuak, lana egiteko modua edota zuzendaritzako kudeaketak.