Santotomasetan omenduko ditu Udalak Amubieta eta Aldalur

Uztarria.eus 2014ko urr. 22a, 19:33
Amubieta eta Aldalur, Seguran.

Dantzariek zapatuan irabazi zuten Euskal Herriko Dantza Sueltoko txapelketa, baina ikasketak direla-eta kanpoan daudenez, omenaldia atzeratuko du Azpeitiko Udalak.

Azpeitiko Udalak Santo Tomas jaietan omenduko ditu Amets Amubieta eta Maialen Aldalur dantzariak. Izan ere, Euskal Herriko txapeldunen ikasketak direla-eta ezin izango zaie lehenago "merezi duten omenaldia" egin. Udalak adierazi duenez, bi azpeitiarrek "maila bikaina" erakutsi zuten lehiaketan, eta zorionak eman nahi dizkie egindako lanagatik.

Bestalde, Segurako txapelketan parte hartu zuten gainontzeko bikoteak ere zoriondu nahi ditu Udalak, eta animatu egin nahi dituzte euskal dantzaren eta kulturaren alde lanean jarraitzera. Beraz, zorionak Asier Ibargureni eta Garazi Gurrutxagari, Joritz Galarragari eta Laura Olaizolari, Jon Ander Iriondori eta Libe Lizasori eta Mikel Subinasi eta Maite Beobideri ere.