Adimen urriko pertsonekin argazkiak atera eta zabaltzea eskatu du Atzegik kanpaina berrian

Uztarria.eus 2014ko urr. 22a, 20:40
Antzerki tailerreko kideak, Atzegirentzat 'selfie' bat ateratzen.

Norbere buruari ateratako argazkiak izan behar dute, selfie deiturikoak. Horrela, elkarteak erakutsi nahi du adimen urriko pertsonek gizarteari gauza asko eskaintzen dizkiotela, hala nola, poza edo maitasuna.

Adimen urriko pertsonekin argazkiak ateratzea eta sare sozialen edo mezuen bidez zabaltzea eskatu du Atzegik, adimen urriko pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak, aurtengo kanpainan. Argazki horiek norbere buruari ateratakoak izan behar dute, hau da, selfie gisakoak. Irudiak, #ElkarriOn traola erabilita, Facebook, Instagram edo Whatsapp bidez, 609 70 37 06 telefonora mezua bidalita, zabaltzeko eskatu dute antolatzaileek. 

Ekimen horren bitartez erakutsi nahi dute adimen urriko pertsonak "asko" dutela emateko. "Buelta eman behar diogu orain arteko irudiari: ez dugu pentsatu behar guk zer ematen diegun beraiei, baizik eta haiek zer ematen diguten guri. Izan ere, dena ematen digute", adierazi dute. ElkarriOn da kanpainaren izena, eta antolatzaileen arabera, "bikain" islatzen du izenak ekimenaren helburua.

Aurkezpenean, beraien bizipenak partekatu dituzte Azpeitiko boluntario batzuek. Azaldu dute, adimen urriko pertsonekin daudenean, ematen dutena baino "askoz ere gehiago" jasotzen dutela. Ziurtatu dute "poza, laguntza eta maitasuna" sentitzen dituztela. Bestalde, esan dute "oso ona" dela desberdin pentsatzen duten pertsonekin denbora pasatzea. Adibidez, antzerki tailerreko kide da adimen urriko pertsona bat, eta bere lagunek esan dute asko irakatsi diela: "Berarekin ikusi dugu laguntza eskatzea ez dela txarra, eta inguruko pertsonek ematen duten laguntza ere onartu egin behar dugula".

Atera dute, beraz, lehen selfia antzerki tailerreko kideek. Orain, herritarren parte-hartzearen zain daude Atzegiko kideak.