Gipuzkoako autobus zerbitzu berria aurkeztuko du Aldundiak gaur Azpeitian

Uztarria.eus 2014ko urr. 23a, 11:51

Eskualde mailako batzar irekia udaletxeko ganbaran izango da, 18:30ean. Iaz abian jarritako parte-hartze prozesuaren ekarpenak kontuan hartuta 2015ean abian jarriko den zerbitzuaren berri emango dute bertan.

Eskualdez eskualde ari da aurkezten Gipuzkoako Foru Aldundia 2015ean abian jarriko duten autobus zerbitzu berria. Gaur, urriak 23, Urola Erdiko herritarrei egokituko zaie txanda. Autobus zerbitzu berriaren nondik norakoak azaltzeko batzar irekia Azpeitian egingo dute, udaletxeko ganbaran, 18:30ean hasita.

Gipuzkoan garraio publikoaren zerbitzua hobetzeko asmoarekin parte-hartze prozesua hasi zuen Aldundiak iaz –proposamenak jasotzeko bilera orain urtebete egin zuten Azpeitian–. Prozesu horretan herritarrek egindako ekarpenak kontuan hartuta osatu dute autobus zerbitzu berria. Aldundiak emandako datuen arabera, 4.000tik gora izan dira beren ekarpenak egin dituzten gipuzkoarrak.

www.garraioahobetzen.net webgunean dago garraioa hobetzeko parte-hartze prozesuaren informazio osoa.