Nagore Aranburu: "Hain sendagarria den barre algarak eragitea da gure asmoa 'Potologuak' antzezlanarekin"

Urola Kostako Hitza 2014ko urr. 23a, 12:59

Potologuak antzezlana egingo dute Nagore Aranburuk, Egoitz Lasak eta Mikel Pagadik, bihar, 22:00etan, Azpeitiko Soreasu antzokian. Aranburuk bere lehen aktore lanak Azpeitiko Antxieta antzerki taldearekin egin zituen, eta Soreasu antzoki zaharreko eta berriko oholtzetan behin baino gehiagotan aritu da.

Potologuak  lana egingo duzue bihar Soreasun. Gogoarekin?

Bai, gainera aurreko ezin joan horrekin, askoz gogo gehiagorekin herrira etortzeko.

Martxoan estreinatu zenuten antzerki lana. Nolako esperientzia izaten ari da?

Ona. Bodologoak-en jarraipena da. Aurreneko lan harekin esperimentua egin genuen, hirurok batera lanean jarri eta idatzi genuen, eta oso gustura aritu ginen antzezten. Bodologoak Azpeitiko Antzerki Topaketetan estreinatu genuen, eta jendearen erantzuna ezustekoa izan zen, oso ona izan zelako. Guretzako oso lan atsegina da, gure asmo bakarra jendea antzokira joan eta ondo pasatzea baita: barre egitea, eta hain sendagarria den algara hori ateraraztea. Egiten ondo pasatzen dugu eta erantzuna ere halakoxea da. Ederra da, eta batzuetan beharrezkoa.

Datorren asteburuan hasiko dira Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak. Ederki ezagutzen dituzu zuk, Bodologoak  ere Topaketetan estreinatu zenuten. Horrelako Topaketak beharrezkoak direla uste al duzu?

Garai batean nik Euskal Antzerki Topaketak ezagutzen nituen, eta asko, bertan lanean aritzen ginelako eta asko bizi genituelako. Amateur bezala aritzen ginen orduan, orain dela hogei urte. Baina, hogei urte dira Azpeititik kanpo bizi naizela, eta gaur egun ez ditut bizi hain gertutik.

Elkarrizketa osoa Urola Kostako Hitza-ren webgunean.