Aniztasuna eta euskara ardatz hartuta abiatuko dute Auzoko egitasmoa

Uztarria.eus 2014ko urr. 23a, 14:05
Azpeitiko Udaleko eta Auzoko egitasmoko ordezkariak eta euskaltegiko ikasleak.

Auzoko mintzapraktikan oinarritutako proiektua da. Azaroan hasiko dira saioak, eta izen-ematea zabalik da dagoeneko. Hilaren 30a bitartean eman ahal izango dute izena auzotarrek (euskaratik hurbil bizi diren herritarrak) eta auzokideek (euskaratik urrun daudenak).

"Euskara, aniztasuna eta herritarrak biltzen dituen proiektua da Auzoko". Hala azaldu du Eneritz Albizu Auzoko egitasmoko dinamizatzaileak gaur, osteguna, egin duten aurkezpenean. UEMAk eta Euskaltzaleen Topaguneak partekatzen zuten kezka batetik abiatuta sortu zen Auzoko sortzearen ideia: "Nola lor daiteke euskaratik urrun bizi diren herritarrak hizkuntzara hurbiltzea?".

Auzoko mintzapraktikan oinarritutako proiektua da, eta Azpeitiko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak bultzatuta, abian izango da herrian azarotik aurrera. Astean behin bilduko dira (eguna eta ordua zehaztuko dituzte lehenengo aldiz elkartzen direnean) auzotarrak (euskaratik bizi diren herritarrak) eta auzokideak (euskaratik urrun daudenak). Saio horietan aisia, kultura eta euskara uztartuko dituzte, beti ere, euskaraz. Albizuk argitu du auzokideak ez direla soilik etorkinak, eta izan daitezkeela 40 urtez Azpeitian bizi diren herritarrak ere.

Albizuk azaldu duenez, "garrantzitsua" da jatorri desberdinetako azpeitiarrak harremanetan jartzea, eta hori euskaraz egitea: "Herritar bakoitzaren sorterria, sustraiak eta ohiturak ezagutu eta errespetatuko ditugu Auzokon, eta gure hizkuntzatik urrun bizi diren pertsonei aukea emango diegu gugana gerturatzeko. Izan ere, gure herrian euskara beharrezko tresna dute integraziorako".

Egitasmoan izena eman nahi duten auzotarrek eta auzokideek jada badute horretarako aukera. Urriaren 30a bitartean eman ahal izango dute izena, azpeitia.auzoko@topagunea.org helbidera izen-abizenak, telefonoa eta libre dituen egun zein orduak idatzita edo 687 21 26 72 telefonora deituta.

Albizuk gaineratu duenez, "euskararenganako hurbilpena da Auzoko. Hizkuntzarekiko grina sortzea du helburu, eta zubi lana egin nahi du herritarrekin, behin Auzoko probatuta euskaltegirako jauzia egin dezaten".

Mintzalagun Sanjuandegin

Dagoeneko hasi da Mintzalagun egitasmoaren bigarren ikasturtea Sanjuandegin. Hiru mailatan banatuta lau talde osatu dituzte ikasturte berrian, baina nahi duenak izena eman dezake oraindik ere. Auzoko egitasmoan izena emateko aipatu ditugun kontatu berak erabil daitezke horretarako.

Mintzalagun ez da soilik Sanjuandegiko bizilagunentzat. Nahi duen orok eman dezake izena egitasmoan, baina euskararekin gutxieneko lotura izan duten eta duten herritarrei zuzenduta dago.