Eskubide urraketen mapa osatzeko herritarren lankidetza eskatu dute Aranzadik eta Udalak

Uztarria.eus 2014ko urr. 23a, 16:42
Juantxo Agirre, Eneko Etxeberria eta Jabi Buces.

Azken lau hamarkadetan Azpeitian izan diren biolentzia mota eta giza eskubideen urraketa guztien gaineko ikerketa egiten ari da Aranzadi Zientzia Elkartea, Azpeitiko Udalarekin elkarlanean. Ikerketaren helburua da "egia" jakitea. Sufrimenduaren mapa osatuko du Aranzadik, eta ikerketarekin aurrera egiteko herritarren laguntza eskatu dute bi erakundeek.

Frankismoaren bukaeran, trantsizioaren garaian eta ondorengo urteetan Azpeitian izan diren eskubide urraketak aztertzen ari dira Aranzadi Zientzia Elkartea eta Azpeitiko Udala. Aranzadiko idazkari Juantxo Agirrek azaldu duenez, proiektuaren helburu nagusia da "azken hamarkadetatik gaur arte Azpeitian izan diren giza eskubideen urraketak ezagutzera ematea". "Egia jakiteko" sufrimenduaren mapa osatzen ari dira Aranzadiko kideak: "Lan handia egin dugu, hainbat herritarrek egindako ekarpenari esker, baina proiektua osatzeko derrigorrezkoa zaigu herritarren lankidetza".

2012tik ari dira Aranzadi eta Azpeitiko Udala lankidetzan, Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaritzaren laguntzarekin. Azpeitia da halako proiektu bat abian jarri duen Euskal Herriko lehen udalerria. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak adierazi duenez, "Udalarentzat konpromiso utziezin bihurtu dira gertatutakoaren egia bilatzea eta hedatzea, justizia egitea eta errekonozimendua aitortzea". Aranzadikoek azaldu dute euren eremua "egia" dela, eta Etxeberriak jakinarazi du Aranzadik egia jakiteko egingo duen lanak "berme osoa" ematen diola. Haren ustez, "elkarbizitza ezin da edozein modutara eraiki": "Elkarbizitza eraikitzeko oso zorrotzak izan behar dugu eta gure herrian pasatu dena ikuspegi egoki batekin aztertu. Egia jakiteko eskubidea da aurrena. Hori oinarrizkoa da, zer pasatu den zehazki jakin behar dugu eta. Egia ez dugu politikaren eremuan kokatzen, baina egiaren atzean eraikitzen dira justizia eta errekonozimendua. Izan ere, zer pasatu den ez badakigu, ez dugu jakingo zer egin berriz gertatu ez dadin".

Gaur, osteguna, egin duten agerraldiaren helburua izan da herritarrei euren testigantzak konta ditzaten dei egitea. Etxeberriak azaldu duenez, Aranzadik jasoko ditu testigantzak: "Diskretuki, isilean, sekretupean... Baina jaso behar dira. Ez galtzaileak eta irabazleak jartzeko, baizik eta egia ezagutzeko eta etorkizuna eraikitzeko. Izan ere, gertatu denaren sendotasunik gabe ezinezkoa da etorkizuna eraikitzea".

Egindakoa eta egiteko dutena

Proiektua abian da dagoeneko, eta biolentzia desberdinek sortutako biktimen zerrenda batzuk prestatzea lortu dute. Aranzadik dagoeneko azken lau hamarkadetan Azpeitian giza eskubideen urraketak jasan dituzten 50 bat pertsonaren datuak-eta jaso ditu. Urraketa gehiago izan direla jakitun, Azpeitiko bizilagunen laguntza eskatu dute, 1960tik gaur egunera bitartean edozein motatako giza eskubideen urraketak jasan dituztenenen lekukotzak jasotzeko.

Orain arteko bidean "oinarrizkoa" izan da ikertutako gaiarekin inplikazio zuzena edo zeharkakoa duten eragile sozial ugarirekin izan duten harremana Aranzadikoentzat. Hala ere, oraindik giza eskubideen biktima izan diren batzuk identifikatzeko "zailtasun handiak eta mugak" dituztela adierazi dute: "Kasu batzuetan, lekukotasun eta adituen frogak aurkitzea oso zaila da".

Hori dela eta, herritarrei dei egin diete "konfidentzialtasunez", baina eurekin harremanetan jar daitezen. Horretarako Aranzadiko historialari Jabi Bucesekin jarri behar da harremanetan, jbuces@aranzadi.eus helbidera idatzita edo 699 80 91 30 telefonora deituta. Juantxo Agirre eta Jabi Bucesez gain, Pako Etxeberria eta Carlos Beristain Aranzadiko kideak ere ari dira Azpeitiko sufrimenduaren mapa osatzeko gidaritza lanetan.

Sufrimenduaren mapa edozein motatako biolentziak edo giza eskubideen urraketak jasan dituzten pertsonen fitxekin eta dokumentazioarekin osatuko dute. 2015. urtearen bukaerarako edo 2016.aren hasierarako espero dute mapa osatzea.

Gerra Zibila ere bai

Pasa den maiatzean hasi zen Aranzadi 1936-1945 urteetan, Gerra Zibilean, Azpeitian gertatutakoa eta herritarrek garai hartan pairatutako sufrimendua ezagutzeko ikerketarekin. Eneko Etxeberriak azaldu duenez, lan horiekin ere ari dira egun.

Pasa den apirilean sinatu zuten Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Azpeitiko Udalak elkarlanerako hitzarmena1936-1945 urteetako udalerriko errealitatea ikertzea eta ezagutzeko.