Joseba Garmendia: "Helburua argindarra aurreztea bada, badira ordu aldaketa baino teknika hobeak"

Uztarria.eus 2014ko urr. 23a, 17:56
Joseba Garmendia industia ingeniaria.

Ordubete gehiago izango dugu asteburuan, erlojuek atzera egingo baitute goizeko hiruretan. Aldaketa horren onurez eta desabantailez hitz egin digu Joseba Garmendia industria ingeniariak (Azpeitia, 1983). Garmendiak energia eraginkortasunarekin eta iraunkortasunarekin lotutako proiektuak eta azterketak osatzen egiten du lan, Tinko STS enpresan. 

Zapatuan aldatuko dute ordua, 3:00etan 2:00ak izango dira berriro. Zertarako hartzen da neurri hori negua iristear denean?

Berez neurria martxoan hartzen da, ordua aurreratzen dugunean. Neguko ordutegia, zapatutik aurrera izango duguna, gure ordu naturaletik gertuago dago. Berezko arrazoia argiztapenean energia aurreztea da, nahiz eta zenbaitek hori zalantzan jartzen duten.

Petrolioaren krisia jarri izan dute eztabaidaren erdian, ezta?

Bai. Izan ere, energia aurrezteko bidea izaki, 1974ko petrolio-krisiak eman zion azken bultzada ordu aldaketaren teoriari. Hala ere, XVIII. mendean jada Benjamin Franklin-ek energia aurrezteko udan ordua aldatzea proposatu zuen.

Zenbaitek diote energia aurrezteko aproposa dela ordu aldaketa; beste batzuek, ordea, uste dute enpresa handien mesederako egin ohi dela. Zein da zure ikuspuntua?

Ez dago erantzun bateraturik. Erakunde handiek, Europako Batzordeak, WWF-ek, Greenpeacek edo IDAEk, egindako azterketen artean dagoen adostasun faltak erakusten du gauza ez dagoela horren garbi; edo, behintzat, subjektiboa dela. Kasu bakoitzean eragin desberdina du, eta norberaren ordutegiari eta ekintzei oso lotuta dago. Hala ere, helburua argindarra aurreztea bada, gaur egun badira ordu aldaketa baino teknika hobeak.

Herritarrei zertan eragingo die, zehazki, aldaketak?

Batetik, erritmo biologikoan eta eguneroko ohituretan. Kontua zera da, argi ordu gutxiago izateak, lehenago iluntzearekin batera, kalean pasatzen dugun denbora murriztea dakarrela, baita kotxea gehiago erabiltzea, telebista gehiago ikustea eta abar. Bestetik, energia kontsumoa gure ohituren arabera murriztu edo handituko da.

Zenbait ikerketek diote, gutxi gorabehera, sei euro aurreztu daitezkeela etxebizitza bakoitzean. Hala da?

Aurrezkia argindarrari begira dago planteatua, eta hori, batik bat, udakoarekin lortzen da, egunsentiaren ordua atzeratzen delako. Neguko ordutegian zaila da ezer nabaritzea, esna pasatzen ditugun orduak argi orduak baino gehiago dira; eta, ondorioz, han ez bada hemen, lanean ez bada etxean, argia piztu beharra daukagu. Hala ere, goizekoen mesedetan arratsaldeko argi-orduak murrizteak beste hainbat ohituren aldaketa dakar; aisialdiko ekintzak etxean egiten ditugu, eta energia gehiago gastatzen dugu horrela. Beraz, aurrezpena udan izan daiteke, ez orain.

Herrialde guztiek ez dute data berdinetan aldatzen ordua. Gainera, zenbait estatuk erabaki dute ordurik ez aldatzea; horien artean daude Txina, India edo Japonia. Nolatan dago horrelako aldea herrialdetik herrialdera?

Herrialde askok orduarekin duen erlazioa berez da berezia. Txinan, adibidez, ordu berdina dute estatu osoan, nahiz eta ertz batetik bestera ia lau eguzki-orduko aldea egon. Gu ere gure ordu naturala baino ordubete lehenago bizi gara, Europa kontinentaleko ordu bera izan dezagun. Horiek gobernuen erabakiak izan ohi dira, egunerokoan lagungarri izango direlakoan hartutakoak.

Sektore batzuei bereziki eragiten die ordutegi aldaketak. Adibidez, nekazariei edo merkatariei. Ez da traba izango langile horientzat lehenago iluntzea? Ez dute energia gehiago gastatuko?

Udako ordu aldaketak ia sektore guztiei egiten die mesede, betikora itzultzeak, ostera, batzuek kaltetzen ditu bereziki. Arratsalde osoa lan egiten dutenek energia gehiago gastatuko dute, bai. Gainera, zenbait kasutan, bezeroen joera etxean gelditzekoa izango da.

Aldaketak osasunean eragina duela dioenik ere bada. Harremanetan daude bi aldagaiak?

Aditu gehienek diotenez, umeak eta adineko pertsonak dira ordu aldaketaren ondorioak gehien sufritzen dituztenak, erritmo biologikoa aldatzeko zailtasun handiena dutelako. Bestela ere, uste dut denoi egiten digula mesede esna pasatzen ditugun orduak argi orduekin bat etortzeak.

Ordu aldaketen auzia zure esku balego, nola jokatuko zenuke Euskal Herrian?

Bere horretan utziko nuke, hau da, ez nuke aldatuko. Nire esku balego, energia gehiago aurrezteko, beste bide batzuk jorratuko nituzke.