Pertsona bat atxilotu du Guardia Zibilak Lasarten, Inaxio Uriaren arreba mehatxatzea leporatuta

Uztarria.eus 2014ko urr. 24a, 12:09

Lasarten atzeman dute Antton Guinea ETAko preso ohia. Europa Press berri agentziaren arabera, Inaxio Uriaren arrebari "mehatxuzko tonoan" mugikorrera mezu bat bidaltzea leporatuta atxilotu dute. Azken ordukoa (ostirala, 15:15): Info 7 irratiak jakinarazi duenez, Guardia Zibilak aske utzi du Guinea.

Gaur goizean atxilotu du Guardia Zibilak Antton Guinea preso ohia Lasarten, Europa Press berri agentziaren arabera, Inaxio Uriaren arrebari "mehatxuzko tonoan" mugikorrera mezu bat bidaltzea leporatuta. Agentziak zabaldu duenez, ETAren anagrama zeraman mezuak. 

EFE berri agentziak jakinarazi du Uriaren arrebak duela bi aste aurkeztu zuela salaketa Guardia Zibilean.

Intxaurrondoko koartelera eraman dute Guinea. 

1999. urtean hamar urteko zigorra ezarri zioten Guineari, ETAko kide izateagatik.

2008ko abenduaren 3an hil zuen ETAk Inaxio Uria, Loiolan, tiroz. Altuna y Uria Azpeitiko enpresako arduradunetakoa zen eta 71 urte zituen. 2009ko urtarrilean bere gain hartu zuen ETAk Uriaren hilketa.